Plaza Berria okupatuko du larunbatean Alde Zaharreko Gazte Asanbladak, egun osoko egitarauarekin
Alde Zaharreko Gazte Asanbladak (AZGA) Plaza Berriko Okupazioa antolatu du larunbaterako (hilak 25), Parte Zaharreko Plaza Berrian. “Parte Zaharreko egoera larria da. Ekipamendu publikoen gabezia edota espazio publikoaren pribatizazioa erabatekoak dira. Arazo hauek, erabat loturik daude azken urteetan auzoan (eta Donostian) ematen ari den merkantilizazio prozesurekin. Azken finean, bizilagunen interes kolektiboaren gainetik, elite ekonomikoaren interesak lehenesten baitira, auzoa atzera bueltarik ez duen turistifikazio eta gentrifikazio prozesuan murgilduz. Egoera honek ito egiten ditu bizilagunak. Hau aldatzeko, bizilagunok auzoko espazio, kale eta plazak berreskuratu behar ditugu”, nabarmendu du AZGAk.
Horrela, egun osoko egitaraua antolatu dute larunbaterako. 10:00etan hasiko dira, gosariarekin, eta auzolanari ekingo diote 10:30ean. 12:00etan, brilletean arituko dira eta “udalari penaltia” botako diote, 14:30ean plazan bertan elkarrekin bazkaltzeko. Bazkalostean, 17:00etan, herri kirolak egingo dituzte, 18:00etan txokolate jana eta 19:00etan plaza dantzan arituko dira.
AZGAk denbora asko darama auzoak ekipamenduak eta, bereziki, gaztetxe bat behar duela aldarrikatzen. Hain zuzen ere, duela bi asteburu, Urgulleko Guardetxea okupatu zuten asteburu batez, auzoko gazteek gaztetxe bat behar dutela mahaigaineratzeko.