Sarroeta auzo elkarteak bizilagun baten erasoa «irmoki» salatu eta erantzukizunak eskatu dizkie erakundeei
73 urteko bizilagunak jasan duen erasoa salatu eta edozein eraso edo indarkeria mota gaitzetsi dute bizilagunek.
Indarkeriaz egindako lapurreta bat izan zen asteazkenean, Okendotegiko etxebizitza batean. 73 urteko bizilaguna etxean zegoela sartu ziren lapurrak eta, bere burua babestera joan zenean, jo egin zuten, eta bi orduz izan zuten lotuta, bere kabuz askatzea lortu zuen arte. Gizonak bi saihets ditu apurtuta, egonkor dago, eta erietxean ingresatuta jarraitzen duen arren, laster sendatuko delakoan daude auzo elkartean: “Elkartasuna adierazi nahi diegu biktimari, Okendotegi-Basozabal bideko bizilagunei eta azken hilabeteetako kaltetuei”.
Hain zuzen, auzo elkarteak jakinarazi duenez, joan den asteazkenetik, maiatzaren 15etik, lapurreta eta lapurreta saiakera mordoa izan dira gauez auzoan. “Bi gauez, zazpi lapurreta izan ziren Okendotegi bideko etxeetan, bizilagunak lo zeuden bitartean”. Bizilagunek Poliziari salatu dizkiote lapurreta horiek, eta auzo elkartea bizilagunekin, Ertzaintzarekin eta udalarekin harremanetan egon da gaueko Polizia zaintza indartzeko.
Poliziaren esku hartzea, baina, ez da nahikoa izan atzo arratsaldeko erasoa ekiditeko, eta auzo elkartean ere ez dute irtenbidetzat ikusten epe luzera begira: “Epe laburrean lagun dezakeen neurriak dira, bai, baina badakigu ez dela epe luzerako konponbide integrala gure hirian aspalditik bizi dugun arazoarentzat”. Hala, Donostiako Udalari, Eusko Jaurlaritzari eta Ertzaintzari erantzukizunak eta inplikazio zuzena eskatu diete, eta prebentzioan, esku hartzean eta gizarte zerbitzuetan inbertitu dezatela.
Sarroetako kideek diotenez, udalean larrialdietarako polizia protokolo bat martxan dute eta gaiaren gainean daude. Neurri hori onuragarritzat dute auzo elkartean, baina “epe laburrerako petatxo bat” delakoan daude, beste behin.