'Sephora kids': kosmetikoen harrapakin berriak
'Sephora kids' fenomenoaren eraginez, 14 urtetik beherako neskatoek kosmetika eta edertasun dendak bete dituzte, aurpegiko azala zaintzeko produktuen bila. Adituek, baina, argi dute: tendentziak jarraituta, helduen produktuak erabiltzeak ondorio kaltegarriak ditu haurren larruazalean, autoestimuan eta garapen emozionalean.
Ostiral arratsaldeko zazpiak dira, eta ohi bezala, hasi dira nerabeak Donostiako denda batean sartzen, tropelean. Langileek etsipenez begiratu diote elkarri, jakin badakitelako zerbait erostera baino, arratsaldea kosmetiko eta kosmetiko artean igarotzera etorri direla adingabeak. Ilerako produktuak, makillajea eta perfumeak saltzen dituzte dendan, eta parafarmazia gunea ere badute, bio produktuak eta guzti. Gaztetxoen kuadrillek, baina, nahiago dute azalaren kosmetikoengana jo. Erakusleiho zehatz baten inguruan bildu dira denak, produktu guztien kaxa guztiak mugitu eta miatu dituzte, zalantzak argitzeko edo. Dendako langileak, berriz, bere jardunean jarraitu du korridorearen beste ertzean, eta bertatik kontrolatu du egoera, lehenago edo beranduago gomendio bila etorriko direla baitaki. Hogei minutu eman dituzte eztabaidan, tropeletik lehenak ausartu eta laguntza bila iritsi zaizkion arte. Retinola nahi dutela diote, baina ez dakitela «zein den». 11 urte dituzte biek.
Andrea Alvarezek (Antigua, 2003) Askatasunaren hiribideko kosmetika denda batean egiten du lan, eta azaldu duenez, asteburuero errepikatzen dira halakoak. «Talde handietan iristen dira ostiral eta larunbat arratsaldeetan, eta guztiek berdina nahi izaten dute: goizeko edo gaueko errutinarako produktuak erosten dituzte».
Joera horrek dagoeneko kezka sortu du mendebaldeko herrialdeetan, sare sozialetatik bultzatuta baitator zuzen-zuzenean. Sephora kosmetika dendetan hasi zen fenomenoa, eta honezkero, gainerako guztietara ailegatu da: nerabezaroaurrean dauden haurrek dozenaka euro gastatzen dituzte kosmetika produktuetan. Hain zuzen, lehen denda horretatik dator fenomenoa bataiatzeko Sephora kids izendapena.
Fenomenoaren baitan dagoen errutina horiek larruazalaren itxura hobetzeko tramite gisa mahaigaineratzen dituzte, eta askotariko produktuen dozenaka pausok osatzen dute: «Garbiketa bikoitza egin ohi dute, olioarekin eta ondoren xaboiarekin; ondoren, tonikoa, esentzia, seruma eta begi zuloetako seruma jartzen dituzte; eta, azkenik, kremak: larruazala hidratatzeko krema eta eguzkitako krema», azaldu du Alvarezek.
«Tiktoken ikusitako produktu zehatz horien bila etortzen dira, pantailako irudia eta guzti»
Andrea Alvarez, saltzailea
Dendariak nabarmendu duenez, saltokira bertaratzen diren guztiek ez dute errutina bete-betean egiten, baina ondo baino hobeto ezagutzen dituzte: «Tiktoken halako errutinak ikusten dituzte etengabe, eta ikusitako produktu zehatz horien bila etortzen dira, pantailako irudia eta guzti». Alvarezentzat harrigarriena erabiltzaile horien adina da: «16 urteko nerabeak betile maskara baten bila etortzen zaizkigun bitartean, 11, 12 eta 13 urteko haurrak izaten dira euren larruazala hobetzeko produktuen bila etortzen direnak». Ondo baino hobeto daki horretarako beharrik ez dutela, eta hala adierazten die adingabeei, baina frankiziako langileak erosleari egin behar dio men: «Askotan, bestelako produktuak eskaini izan dizkiet, haurrentzako egokiagoa den zona bat dugulako, baina gaztetxoak ikusitako produktu zehatzekin tematzen dira».
Modan dauden «produktu zehatz» horien artean, The Ordinary marka da egungo errege: «Askotariko markak ditugu, eta horietako asko korearrak dira, baina The Ordinary da gazteen artean gehien saltzen duguna». 6 eta 25 euro bitarteko prezioa du marka horretako produktu bakoitzak eta, askotan, sortetan saltzen dituzte gantzarentzako, aknearentzako eta idortasunarentzako tratamendu gisa: «Duten preziorako oso emaitza onak izaten dituzte, baina, noski, 11 urteko haur batek ez du retinola ezertarako behar eta ez dio ezer egingo».
Retinola errege
Zuatzu klinikako Miren Marquina dermatologoaren hitzetan, «iparra galduta du egungo gizarteak» kosmetikoen zoramenarekin: «Estetika munduan behar asko daude, medikuntzaren ikuspegitik behar ez direnak. Ez dugu zahartu nahi, baina bizitza zahartzea da».
Dermatologoak argi utzi du patologiarik ez duen haur batek ez duela inolako kremarik behar, eta halako errutinek, azala hobetu baino, kalte nabarmenak sor ditzaketela: «Krema horiek ez daude 11 urteko haurrentzat bideratuta eta narritamenduak, erredurak eta alergiak sor ditzakete». Iturrien fidagarritasuna ezbaian jarrita, Marquinak dermatologoarengana joateko gomendatu du:«15 urteko haurrek esaten dutena da, eta kontuan hartu behar dugu farmazialari asko ere halako produktuak saltzeko daudela».
«Estetika munduan behar asko daude, medikuntzaren ikuspegitik behar ez direnak. Ez dugu zahartu nahi, baina bizitza zahartzea da»
Miren Marquina, dermatologoa
Medikuak onartu du, bestalde, azken boladan, «hamar poterekin» agertzen zaizkion nerabeen bisita izan duela behin baino gehiagotan. Kosmetikoen erabilera goiztiarra erabat baztertuta, halako kasuak artatzean botatzen duen gomendio bakarra errepikatu du: «Bizitza osoan egin den moduan, aurpegia garbitu. Eta kalean edo eguzki izpien azpian denbora igaro behar badugu, eguzkitako krema erabili, baita arropa ere: biserak, mauka luzeak eta halakoak».
Marquinaren antzera, dermatologo ugari agertu dira tendentzia horien aurka. Diotenez, 10-12 urteko haur batek ez du azaleko barrera indartsu bat garatuta oraindik, eta, beraz, ezin dituzte helduei bideratutako produktuetan jartzen dituzten aktiboak jasan: «Skincare errutina influencer-ek asmatutako gauza bat da. Zer errutina?», dio Marquinak.
Aktibo horien guztien artean, retinola da gazteen artean erabiliena, Alvarezen arabera: «Azkenaldian hori baino ez dute eskatzen, baina baita niacidamina eta C bitamina ere». Marquinak azaldu duenez, retinola onuragarria izan daiteke aknea eta bestelako patologientzat, baina kalteak ere eragin ditzake erabilera hori ondo bideratuta ez badago: «Adinaren zahartzearen aurkako aktibo gisa balio du. Horregatik dute halako arrakasta retinolak, retinoideek, retinaldeidoek, eta hortik eratorritako guztiak, baina noski, horiek ez dira ez 11, ezta 18 urterekin erabiltzeko modukoak ere».
Retinolaren arrakastari eta horrek eragindako kontrolik gabeko erabilera orokorrari, hain zuzen, muga jarri nahi izan dio Europako Batasunak. Aktibo horren albo kalteak saihestu nahi dituzte erakundeek, batik bat, A bitamina pilulak hartzen dituzten 60 urtetik gorako pertsonen artean ondorio kaltegarriak eragin ditzaketelako. Zehazki, %0,3ra mugatuko dute retinolaren kantitatea aurpegirako kremetan, 2025eko maiatzaren 1etik aurrera, Europako erakundearen araudi berrian jakinarazi dutenez.
Nolanahi ere, retinola ez da kalteak eragin ditzakeen aktibo bakarra. Marquina dermatologoak azaldu duenez, aktibo askoren izena ez da beti agertzen, baina horrek ez du esan nahi produktuen osagaien artean ez daudenik: «Europako legediak kosmetikoaren osagaien zerrenda ezartzera behartzen ditu enpresak, baina aktibo horiek kontzentrazio osoaren ehuneko batetik gora daudenean azaltzen direnean soilik». Hala, laborategietan ehuneko hori zertxobait jaitsi dezakete, iragarrita agertu ez daitezen: «Arazo handia dago kosmetikoen merkatuan, iragarrita ez dauden osagai askok alergiak eragiten dituzte eta».
Sephora kids fenomenoak dermatologiaren esparruan kezkak sortu baditu ere, buru osasunari dagokionean piztu ditu alarma guztiak, batik bat. Aurpegia zaintzeko kosmetikoen erabilera eta haiekiko interes neurrigabea orokortu egin da gaztetxoen artean, eta nahasmendu berri bat sortu da halako jarrerak izendatzeko: kosmetikorexia.
Osasun digitalean aditua den Telmo Lazkanok azaldu duenez, urteetan behera joan ahala, adikzioa izateko arriskua handitu egiten da, alde emozionalaren garapenak zeresan handia baitu. Sare sozialen kasuan, «errekonozimendu sozialak dopamina sortzen du, eta horrek jokabide jakin bat sortu dezake». Dopamina horrek sortutako ongizatearen atzean, baina, autoestimu eta atentzio falta, eta gabezi psikoemozionalak egon daitezkeela adierazi du adituak.
Sareek bultzatutako negozioa
Kosmetikoen hazkundea orokorra da mendebaldeko herrialdeetan. Espainiako Estatuan, %11,3 hazi zen merkatua 2022an, Lurringintzako eta Kosmetikako Espainiako Elkartearen arabera, eta kontsumoaren gorakada ere orokortu egin da: herritar bakoitzak, batez beste, 8-10 produktu erabiltzen ditu egunero, 36 kosmetiko erosten ditu urtean eta 185 euro gastatzen ditu horretan.
Donostian ere mota horretako establezimenduak ugaritu dira, kate handien lokalen irekierak bultzatuta. Hirian, artikulu kosmetikoak eta higienikoak saltzen dituzten 64 saltoki daude, Donostia Sustapenak 2022ko datuetan jasotzen duenez, baina kopuruak gora egin du azken urteko irekierekin. Auzoka, Erdialdean eta Parte Zaharrean pilatzen dira gehienak—36 guztira— eta Grosek hamahiru ditu.
Kosmetikoen eztanda zabaldu denetik, markek ere gora egin dute nabarmen: Drunk Elephant markaren eskaria etengabea da eta E.L.F. kosmetikoen markako akzioen kotizazioa %203 igo da azken urtean, Marketwatch atariaren arabera. Merkatuko azterketek baieztatu dutenez, gazte talde bati zuzendutako marketinak harreman estua du sektore osoko hazkundearekin, eta Statista atariaren arabera, halaber, kosmetikoen merkatu hori 5.600 milioi dolarrera iritsi daiteke 2026an.
Kausalitatea, eta ez kasualitatea
Alvarezen iritziz, saltzaileek ere ondo baino hobeto dakite zein den euren xede audientzia: «Buruzapiak infantilizatzeko edo, animalien belarritxoak jartzen dizkiete, eta berdina egiten dute larruazaleko maskarekin. Marrazki bizidunak eta animaliak jartzen dizkiete eta».
Lazkanok, halaber, urteak daramatza nerabeen eta sare sozialen arteko harremanean sakontzen, eta adierazi duenez, «kasualitatea baino, logika algoritmikoen kausalitate bat» dago eztanda horren atzean. Azaldu duenez, adingabeengana jotzeko interesak hiru faktoreri erantzuten dio: «Zuzeneko salerosketa lortzen dute, markarekiko konfiantza bereganatu eta etorkizunean erosten jarraitzea bermatzen dute; eta azkenik, influentzia zabaltzen dute, nerabeen artean errazago zabaltzen baita», dio adituak.
Lazkanok Maitane Ormazabalekin batera egindako Nerabeen Garrasia (Alberdania, 2023) liburuan azaltzen duen moduan, logika algoritmikoek erabiltzaileak atsegin dituen edukiak eskaintzen dizkiote behin eta berriro, baina muturrera jotzeko joera dute: «Nerabeak bere fisikoaren inguruko kezkak argitzeko bilaketa bat egiten du, eta, hasieran, erantzun orokorrak topatuko ditu, baina apur bat harago joango da algoritmoa eta, modu orokortuan, marka askotariko kremak gomendatzen hasiko da».
«Pertsona arrakastatsu bat dute etengabe euren kezkak erantzuten, eta bestelakorik jaso ezean, jasotzen duen hori egia absolutu gisa identifikatu dezakete»
Telmo Lazkano, osasun digitalean aditua
Joera horrek arrisku handiak sortzen ditu erabiltzailearengan, adituaren aburuz, erabat desitxuratzen baita nerabearen errealitatea: «Pertsona arrakastatsu bat dute etengabe euren kezkak erantzuten, eta bestelakorik jaso ezean, jasotzen duen hori egia absolutu gisa identifikatu dezakete». Burbuila horrek eragin handia du nerabezaroan, «autoestimua, balioak eta identitatea eraikitzen ari baitira, sutsuki», adituaren arabera.
Lazkanok eta Ormazabalek liburuan aipatzen duten moduan, halaber, dinamika horiekin, benetako ni-aren eta sareetan azaltzen den idealizazio horren arteko alderaketak ematen dira maiz, eta sentimendu desegonkorrak eragiten ditu nerabeen artean. Era horretako aplikazioetan, bideoak eta argazkiak dira interakzio bide ohikoenak, eta ondorioz, itxura fisikoari balio zentzugabe eta neurrigabea ematen zaie. Ehunka zein milaka jarraitzaileek ikus dezaketenaren beldur, errealitatea egokitzen dute, baina, era berean, espektatiba faltsuak sortzen dizkiete eta mezu garbia helarazten diete gazteei: beraiek direla bizimodu gazi-gozoa dutenak.
Txikitasunetik handitasunera
Arazo horren konponbideaz galdetuta, adituak argi du zer dagoen maskararen atzean: «Sarerik gabe ez litzateke halakorik sortuko, baina helduen tresnak haurren eskuetan ari gara jartzen», ondorioztatu du adituak, arazoaren iturburua seinalatuta. Nolanahi ere, argi du ez nerabeak, ez gainerako erabiltzaileak ez direla fenomeno honen arazo nagusia: «Ez da logikoa erabiltzailearengan egotea ardura osoa, eta isunak jarri beharko lizkiekete atzetik dauden enpresa horiei, euren irabazien ehuneko bat hartuta».
Dena dela, argi du nerabeei ere ezin zaiela erabilera arduratsurik eskatu: «Nerabeak ezin du guk zailtasun handiz egingo genukeen zerbait egin, are gutxiago, euren aparatu emozionala garatzeke dutenean». Adituaren arabera, inpultsibitate oso handia izango du, sariak lehenetsiko ditu arriskuen aurretik, eta zailtasun handiak izango ditu «nahikoa da» esateko edo ekintzen ondorioak aurreikusteko.
Gauzak horrela, mugikorraren erabilera legez debekatu nahi dute sektore batzuek 16 urtetik beherakoen artean. Lazkanok, ordea, zalantzak ditu, legeak berak bere horretan huts-hutsean agian ez duelako indar nahikorik eta arazoa ekidin baino, arazoaren maila neurtzeko balioko lukeelako: «Alkoholarekin edo tabakoarekin gertatzen den moduan, badakigu kontsumitzen dutela, eta neurgailu gisa erabili daiteke». Erakundeen legeetan eraginak zalantzak sorrarazten dizkion arren, argi du behetik gorako mugimenduak eta kontzientziazioa zein ezagutza funtsezkoa direla: «Txikitasunetik handitasunera egin beharko litzateke, eskoletatik, familietatik, gizartearen partetik etorri beharko litzatekeela aldaketa».