«Urtebete Arrokako frontoia botatzeko, baina zazpi urte kantxak egiteko»
Arrokako frontoia bota ostean, Amaran kirol kantxa batzuk egitekoa zen udala. Zazpi urte pasatu dira, eta lursaila kantxak jartzeko prest badago ere, auzoan instalazio horien zain jarraitzen dute.
Amara kalera ematen duen San Bartolome muinoaren magalean, Aldapeta Maria ikastetxearen azpian, Basoerdi parkearekin lotuta dagoen lursail bat dago, lurrean bi laukizuzen markatuta dituena. Kirol kantxa bana eduki beharko lukete laukizuzen horiek, baina txintxorra baino ez dute, eta belarra eremua jaten ari da.
Amaran, aldiz, kantxen zain jarraitzen dute: «Kontu honekin, bi gauza gertatu dira: esandakoa ez betetzea eta gezurra esatea», salatu du Amara Bai auzo elkarteko Harkaitz Aranburuk. Izan ere, zazpi urte inguru daramatzate kantxen zain, udalak Arrokako frontoia bota zuenetik. 2017ko abuztuan bota zuten, prozesu luze eta zalapartatsu baten ondoren.
Auzo elkarteko Jon Lakunza Beltza-k, Iñaki Goñi Nerbios-ek eta Aranburuk berak diotenez, frontoia bota zutenean, orduko Hirigintza zinegotzi Enrique Ramosek eta alkateorde Ernesto Gascok «behin eta berriro» esan zieten «lasai egoteko», kirol instalazioak ez zitzaizkiela faltatuko auzoan, aipaturiko kantxak egingo zituztelako. Hala ere, ñabardura egin du Aranburuk: «Frontoia bota aurretik ere mahai gainean zegoen kantxen proiektua, baina gero saldu zuten frontoiaren truk jarriko zituztela, nolabait».
Amara Baikoen arabera, San Bartolome muinoko lanetako promotoreak aspaldi utzi zituen lursailean aipaturiko bi laukizuzenak kantxak jartzeko prest, udalarekin egindako hitzarmenean hala adostuta. Horregatik, pilota udalaren teilatuan dago orain, Beltzak dioenez: «Lursaila publikoa da eta udalak lurra eta ate, saski edo dena delako batzuk baino ez ditu jarri behar. Diru asko ere ez da bideratu behar horretarako».
Kiroletako zinegotzi Iñaki Gabarainek azaldu duenez, ordea, «une honetan ez dago jasota diru zatirik udaleko 2024ko aurrekontuetan kantxa hauek aurten egiteko». Hala ere, dioenez, gaia aztertzen ari dira Donostia Kirolan: «Hainbat ideia ari gara aztertzen, epe ertainean aurrekontua balego, planteamendu bat prest izateko. Bestetik, agian interbentzio txikiren bat —teqball kantxa bat [futbola eta mahai tenisa uztartzen dituen kirola da]— lehenago planteatu daiteke». Kantxak egiteak izan dezakeen kostuaren inguruan galdetuta, Gabarainek ez du zehaztasunik eman: «Aurrekontua proiektuaren araberakoa izango litzateke, eta azken hau definitu gabe, ezinezkoa da zehaztea».
Parte hartze prozesuetan galduta
Aranburuk dioenez, udal teknikariek baieztatu diete proiektua bideragarria dela, eta, hain zuzen ere, aurrekontu parte hartzaileen prozesuan sartu izan dute proiektua. Prozesu horretan, proiektu andana egoten da, eta herritarrek gehien bozkatzen dituztenak dira aurrekontu parte hartzaileekin gauzatzen dituztenak. Horregatik, halako prozesu batean «irabazteko gutxi» dutela deitoratu du Aranburuk: «Amaran jende gutxi bizi da, eta, beraz, Intxaurrondoko proiektu bat baldin badago, adibidez, ziurrenik Amarakoak baino boto gehiago jasoko ditu».
Hala ere, Amara Baikoak argi utzi du bere asmoa ez dela auzoen arteko lehia batean sartzea: «Parte hartze prozesu hauen sistema bera kritikatzen dugu, auzo txikiok ezer gutxi egin dezakegulako halakoetan; beste formula batzuk bilatu behar dira». «Udalean benetan uste badute kantxa hauek beharrezkoak direla, ba, egin ditzatela behingoz. Zeren, urtebete baino ez zuten behar izan Arrokako frontoia botatzeko, baina kantxak jartzeko, zazpi urte daramatzate», gaineratu du.
Gabarainek ez du erabat itxi kantxak bestelako aurrekontu batekin egiteko aukera: «Aurrekontu parte hartzaileak tresna aproposa ari dira izaten hainbat auzotan kirolarekin zerikusia duten instalazioak gauzatzeko. Baina argi dago ohiko aurrekontuekin osatu behar direla, eta Amararen kasuan, behar izanez gero, hala egingo litzateke».
Bitartean, Amaran kantxa horiek eskatzen jarraituko dute, izan ere, elkartekoek nabarmendu dute «beharrezkoak» direla auzoan, Amara kaleko frontoia baita duten kirol instalazio bakarra: «Antolatzen dugun edozertarako erabiltzen dugu, ez daukagulako halako beste espaziorik. Gainera, auzoko gazteek urteak daramatzate egin behar dituzten kantxa hauetan futbol txapelketaren bat antolatu nahian jaietarako, baina erritmo honetan, kantxak egiten dituztenerako, gazteak ez dira horren gazte izango!».