Erreferentzialtasuna lortzeko plan estrategiko bat prestatu du Bagera elkarteak
Euskara babesteko bazkidetze kanpaina bat hasiko dute elkarrekin Bagerak eta Irutxuloko Hitzak.
Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak plan estrategiko bat prestatu du 2024-2028 eperako, eta atzo aurkeztu zuten Tabakalerako 2deo aretoan. Ekitaldian Bagerako kideak eta bazkideak elkartu ziren, eta goiz interesgarri bat pasatu zuten elkarrekin, izan ere, plan estrategikoa aurkezteaz gain, beste hainbat jarduera ere egin zituzten.
Lehenik eta behin, Bageraren egitasmoa aurkeztu zuten. Azaldu zutenez, Bagerak 32 urteko ibilbidea du euskararen aldeko mugimenduan, eta hiriko euskaltzaleentzat erreferentea da. Hala ere, garaiak aldatuz doazen heinean, Donostiako beste eremu batzuetara iritsi eta hor ere eragitea da orain elkartearen asmoa. Horretarako prestatu dute plan estrategikoa, eta prozesuak hainbat fase izan dituela adierazi zuten. 2022an KoopFabrika ikastaroan hasi zuten bidea eta bertan proposatutako bizigarritasun zikloaren metodologia izan dute oinarri plana eraikitzeko.
Hainbat saio egin dituzte metodologia parte hartzaileak erabilita, ekarpenak jasotzeko. Hiru taldetan egin dituzte hausnarketa saio horiek. Batetik, Bageraren orbitan dagoen jendearekin osatutako taldean hausnarketa estrategikoenak egin dira, kanpo begirada bat jasotzeko helburuarekin. Bestetik, zuzendaritzak eta lantaldeak batera egindako hausnarketetan, helburu zehatzak eta barrura begirakoak landu dituzte. Eta azkenik, lantaldean, planaren jarraipena egiteaz gain, eguneroko dinamikari dagozkion gaiak landu dituzte, prozesuari begirada desberdinak batuta osotasun bat emateko asmoz.
‘Bikografiak’ egitasmoaren azken saioa
Hasierako aurkezpen hori egin ostean, Bageraren Bikografiak egitasmoaren azken saioa egin zuten. 2019an hasi zuten egitasmoa, eta atzoko eguna aprobetxatu zuten azken saioa egiteko, aurrerantzean ez dutelako horrelakorik egiteko asmorik. Azken saio hori aurkezten Maialen Sorzabalbere aritu zen, eta parte hartzaileak honakoak izan ziren: Oihana Maritorena, Zurriola Antzerki Eskolako zuzendaria eta Legazpi euskaltegiko irakaslea, eta Adur Tolosa Berasategi, Parte Zaharreko euskara batzordeko kidea eta euskaltzale gaztea.
Beraien euskararen inguruko bizipenak izan zituzten mintzagai, eta Donostiak euskararekin duen harremana izan zuten aztergai. Iraganari eta etorkizunari begira, hainbat bizipen interesgarri kontatu zituzten biek ala biek.
Bazkidetze kanpaina bat, elkarrekin
Jarraian, beste bi Bagerakidek plan estrategikoaren helburuak pixka bat gehiago zehaztu zituzten. Besteak beste, erreferentzialtasuna lortzea eta Donostiako eragile esanguratsuen artean nabarmentzea, euskalgintzaren eremuaz haragoko eragileekin elkarlana garatzea, Donostiako euskalgintzaren topagune izatea, hizkuntza komunitatea handitzea, euskaltzaleak aktibatzea, Bagerako bazkideen zaintza eta diru sarreren dibertsifikazioa handitzea eta autonomia irabaztea dira helburu horiek.
Helburu horiek lortzeko, bazkidetze kanpaina bat abiaraziko dute. Euskara babestea da helburu nagusia, eta azaldu zutenez, bereziki gazteei begira egingo dute. Izan ere, Bageraren arabera, jende asko dago Donostian euskara babestu nahi duena eta ez dakiena nondik hasi. Horretara dator bazkidetze kanpaina hori hain zuzen; bereziki, gazteek euskara babestu dezaten. Gainera, indarrak batuta, Bagerak IRUTXULOKO HITZArekin egingo du bazkidetza kanpaina hori, eta izena eman nahi duenak esteka honen bidez egin dezake.
Atzoko goiza borobiltzeko, Nerea Arriola umoregileak bakarrizketa bat egin zuen publikoaren aurpegietan irribarre bat marraztuz. Jarraian ikus ditzakezue aurkezpenak utzitako hainbat irudi: