Hiri eredu bizigarri baten aldeko manifestazioa egin dute ehunka lagunek
Donostiako hainbat auzo elkarte eta gizarte mugimenduk osatzen duten Donostia Defendatuz koordinadorak antolatuta, hiri eredu bizigarri baten aldeko manifestazioa egin dute gaur ehunka lagunek. 42 talde sozial eta auzo elkartek egin dute bat deialdiarekin, eta 12:00etan abiatu dira Easo plazatik, Donostia ez dago salgai zioen pankarta bat buru zutelarik.
Ordu bat eta hogei minutu inguruko manifestazioa izan da, eta Amara, Erdialdea, Gros eta Parte Zaharra zeharkatu ditu. Ibilbidean zehar, Auditz akular parkea, Etxebizitza eskubidea da, Manteo bai Culinary ez, Donostia bizitzeko ez negoziorako eta Herritarrak gora turismoa behera, bezalako oihuak entzun ahal izan dira, beste hainbaten artean. Goiz euritsua izan bada ere, jendeak ez du etxean geratu nahi izan, eta hainbat aldarrikapen egiteko aprobetxatu dute manifestazioa.
Koordinadoraren iritziz, Donostiako egungo hiri eredua “gutxiengo baten onurara bideratuta dago”, eta gehiengoaren bizi baldintzak “baztertuta geratzen dira sektore pribilegiatuenen mesedetan”. Salatu dutenez, “espekulazio, turismo eta luxuzko negozioen aldeko” udal gobernuaren erabakiak “bata bestearen atzetik” hartzen dira, “hiria turistifikazio prozesu basatian sartu, etxebizitza larrialdia areagotu, bizilagunak auzoetatik kanporatu, ondare arkitektoniko eta naturala suntsitu, berdeguneak murriztu, merkataritza txikia galdu eta hiriko sare soziokulturalari eragiten dion bitartean”.
Politika horien ondorioak “gero eta larriagoak” direla adierazi dute, eta “donostiar gehienek” jasaten dituztela gaur egun. Alde horretatik, salatu dute “donostiarren beharrekin zerikusirik ez duten” zenbait hirigintza proiektu “herritarren interes orokorrari eta ahotsari kasurik egin gabe ezartzen” ari direla. Besteak beste, honakoak aipatu dituzte: Basque Culinary Centerren bigarren eraikina eraikitzen hastea, “Manteo parkea suntsituta”; San Bartolome muinoan merkataritza zentroa egiteko proiektua; eraikin historiko eta enblematiko bereziak “babesik gabe uztea eta eraistea”; urratsik ez ematea Donostia eremu tentsionatu deklaratzeko, Etxebizitzaren Legean aurreikusitako moduan; funts putreak hiritik botatzeko neurririk ez hartzea; etxebizitza sustapen guztietan etxebizitza babestua sartzeko betebeharra “sistematikoki ez betetzea”; hotelen irekiera “neurriz kanpo sustatzea” eta udala Nobu hotelaren arau hausteen “konplize” izatea; Añorga Txikin “neurriz gaineko” 250 etxebizitzaren eraikuntza; Altzako Auditz-Akular inguruko muino eta ibarbide naturalak 3000 etxebizitza baino gehiagotarako lurzoru urbanizagarri gisa mantentzea; alokairu turistikoko pisuen erregulazio “ez eraginkorra” eta metroko pasantearen proiektua eta horrek Dbusen izango duen “eragin negatiboa”.
Koordinadoraren ustez, arazo horiek ez dira puntualak, “hirian dugun arazo orokor eta endemiko baten ondorio eta adibide baizik”. Nabarmendu dutenez, aurrekontu publikoa eta udal erakundeak “interes ekonomiko partikularren alde” jartzen dira sistematikoki, eta salatu dute horrek erakusten duela “Donostia modu arriskutsu eta atzeraezinean saldu nahi dutela”.
Datozen deialdiak
Manifestazioari amaiera emateko, bi deialdi iragarri dituzte. Lehendabizikoa bihar, astelehena, izango da, Okendo Kultur Etxean. 19:00etan, Urdaibaiko Guggenheim berriari buruzko hitzaldia eskainiko du Eider Gotxik. Eta bigarrenik, hurrengo larunbatean (ekainak 1) Gladysen omenaldia egingo dute urteroko legez. 11:30ean, bizikleta martxa abiatuko dute Bulebarretik, eta 12:00etan izango da omenaldia, Gladys Enea parkeko sarreran.