Mohammed Massatek eta Maria Marinek irabazi dute gaueko lasterketa
Jokin Bellidok eta Jone Zabaletak egin zuten denborarik onena bost kilometroko modalitatean.
NightRun lehiaketaren gau lasterketa Donostian egin zuten atzo lehenengoz, eta 2.300 lasterkarik hartu zuten parte. Gaueko lasterketa zirkuiturik handiena da NightRun Series, eta hiru helduleku izaten ditu kirol ekitaldiak: inklusioa, jasangarritasuna eta elkartasuna. Urte bakoitzean sei hiritan egiten dituzte lasterketok eta irabazi asmorik gabeko erakundeekin jartzen dira harremanetan hiri bakoitzean. Donostian, Etiopia Utopia fundazioaren alde egin zuten lasterketa, Tigray eskualdeko eta Etiopiako komunitate behartsuenen bizi baldintzak hobetzea helburu duena.
Lasterketak hiru modalitate ditu: Milia berdea (arina), 5 kilometrokoa eta 10 kilometrokoa. Azken horretan (1.276 lasterkari), Mohamed Massat eta Maria Marin izan ziren irabazleak. Massatek 29:44an gelditu zuen erlojupekoa, eta ondoren Ander Garin —30:43— eta Francisco Javier Menta —30:51— sailkatu ziren. Bestalde, Maria Marin 39:27ko denborarekin igo zen podiumera, Eguzkiñe Zabaletak 39:33ko denbora egin zuen eta Karina Fuentesek 40:38ko marka.
Bost kilometroko modalitatean, berriz, 781 korrikalarik hartu zuten parte. Jokin Bellido izan zen azkarrena 15:53ko denborarekin, ondoren Sergio Roman —16:03— eta Oier Saldias —16:09—. Bestalde, Jone Zabaletak 17:22ko denbora egin zuen, Carolina Sainzek 19:20koa eta Elena Perezek 20:10ekoa.