Donostiako 1.456 establezimenduk egin dute bat 'Euskaraz barra-barra' egitasmoarekin
Donostiako 1.456 establezimenduk egin dute bat Euskaraz barra-barra egitasmoarekin. Merkataritzan eta ostalaritzan euskaraz hitz egiteko guneak identifikatzen dituen Euskal Herriko marka da Euskaraz barra-barra; establezimenduetako langileen euskara gaitasuna identifikatu eta aitortzen duen marka bateratua. 2022. urtean jarri zuten martxan egitasmoa Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak eta une honetan 150 bat herritan ari dira egitasmoa bultzatzen lekuan lekuko udalak.
Euskaraz barra-barra egitasmoak Donostian izan duen harrera onaren berri emateko prentsaurrekoa eman du gaur Donostiako Udaleko Turismoko, Euskarako eta Kulturako zinegotzi Jon Insaustik, hiriko merkataritzako eta ostalaritzako elkarte eta erakundeetako (Gipuzkoako Ostalaritza Elkartea, San Sebastian Shops eta Gipuzkoako Merkatarien Federazioa) ordezkariek lagunduta.
Emaitzak auzoka eta sektoreka
Insaustik jakinarazi duenez, lehenengoz 2022ko udazkenean aurkeztu zien udalak Euskaraz barra-barra egitasmoa aurretik Hemen ere euskaraz egitasmoarekin bat eginda zeuden establezimenduei, eta horietatik 1.060 establezimenduk egin zuten bat egitasmoarekin. Ordutik hona beste 396 establezimendu batu dira egitasmora.
Udaleko Euskara Zerbitzuak 2.701 establezimendu bisitatu ditu denbora tarte honetan eta horietatik %54k (1.456 establezimendu) bat egin dute Euskaraz barra-barra egitasmoarekin. Aurtengo udazkenean ere establezimenduak bisitatzen jarraituko du Udaleko Euskara Zerbitzuak.
Auzoka, egitasmora atxikitako establezimendu gehien Grosen (233 establezimendu, guztizkoaren %16) eta Amara Berrin (218 establezimendu, %14,9) daude; eta sektoreka, berriz, merkataritza sektorean (%53).
Donostian, kanpainako e// ikurra duten establezimenduetan 5.916 langile ari dira lanean, eta horietatik 10etik 9k du euskaraz ulertzeko gaitasuna: 3.885ek (%65,7) euskaraz hitz egiten dute eta 1.325ek (%22,4) euskaraz ongi ulertzen dute, nahiz eta ez hitz egin. Hortaz, egitasmoan parte hartzeko ulermenaren baldintza “ondo” betetzen dutela nabarmendu du zinegotziak.
Insaustiren arabera, “datu horiek erakusten digute Donostian kontsumitzaileok uste duguna baino establezimendu gehiagotan egin dezakegula euskaraz”. Eta, zentzu horretan, Insaustik herritarrak animatu egin ditu Donostiako saltokietan eta tabernetan euskaraz egitera: “Egitasmoarekin bat egin duten establezimenduetan bezeroak euskarari eutsi ahal izango dio, nahiz eta langileak euskaraz erantzun ez. Ulermena bermatuta dago eta establezimendu horietako bezeroek euskaraz lasai ari daitezkeela adierazten du markak”.
Egitasmoan parte hartzeko baldintzak
Donostiako establezimendu batek egitasmoan parte hartzeko bi baldintza bete behar ditu: lehena da jendaurreko langileek euskaraz ulertzea. Hala, bi eta hamar langile arteko establezimenduetan, gutxienez langileen erdiek (%50) ulertu behar dute euskaraz, une oro; eta hamaika langiletik gorako establezimenduetan, berriz, gutxienez langileen %30ek ulertu behar du, une oro. Eta bete beharreko bigarren baldintza da bezeroari lehen hitza euskaraz egitea.
5.000 telazko poltsa bezero euskaldunen artean banatzeko
Egitasmoari ikusgarritasuna emateko asmoz e// ikurra duten telazko 5.000 poltsa banatuko ditu udalak atxikitako establezimenduen artean, bezero euskaldunei opari edo sari gisa emateko. Ekainaren bigarren hamabostaldian egingo da banaketa aldez aurretik eskaera egin duten establezimenduetan. Eskaera egiteko hiru asteko epea izango dute: maiatzaren 27tik ekainaren 14ra.