Hiri eredua, turismoa, auzoak eta parte hartzea hizpide, Bidebietako Herritarren Foroan
Bidebietako Bideak auzo elkarteak antolatuta, I. Herritarren Foroa egin zuten ostiralean Kontadores zentroan, eta askotariko gaiez hitz egin zuten udaleko bost alderdietako zinegotziek zein herritarrek.
EAJko Jon Insausti (Euskara, Kultura eta Turismo zinegotzia), PSE-EEko Juan Marrero (Ekologia eta Hiri Proiektuetako zinegotzia), EH Bilduko Garbiñe Alkiza, PPko Borja Corominas eta Elkarrekin Donostiako Victor Lasa eztabaidan aritu ziren ostiralean Bidebietako Kontadores zentroan, Bideak auzo elkarteko presidente Jon Tamayok moderatutako mahai inguruan. Askotariko gaiak ukitu zituzten, eta hainbat norbanakok eta herri eragilek ere hitza hartzeko aukera eduki zuten.
Turismoa izan zen moderatzaileak planteatutako lehenengo bi galderen muina, eta egungo hiri eredua jasangarria ote den eta donostiarrek turismoaren eragina jasateak merezi ote duen galdetu zien zinegotziei. Insaustik adierazi zuen hiriaren argazkia ez dela perfektua eta dagokion tokietan esku hartu egin behar dela, baina nabarmendu zuen turismoa “hiri ereduaren pieza bat gehiago” dela: “Nik ez diot gure hiri ereduari uko egin nahi: %7ko langabezia tasa daukagu, Euskal Herriko langabezia baxuena; errenta altuenetarikoa dugu, kuartelak erosi ditugu etxebizitzak garatzeko, topoa daukagu, zientziaren aldeko apustua egiten dugu, eta abar”. Era berean, “Donostia ez da Benidorm”, nabarmendu zuen Insaustiren gobernukide Marrerok: “Turismoak arazoak sortzen dituen auzoetan esku hartu behar dugu, baina gaia ezin da planteatu dikotomia baten moduan”.
Alkizaren aburuz, egungo hiri eredua “ez da jasangarria, hazkundean eta herritarrei bizkarra ematean oinarritzen baita”, eta politika turistikoen “erdigunean” donostiarrak egon behar direla nabarmendu zuen. Ildo beretik jo zuen Lasak, eta turismo jasangarri baten alde egin zuen: “Donostiarron bizitza kaltetuko ez duen turismo eredu bat behar dugu”. Corominasek, bestalde, “ardurak bere gain hartzera deitu zuen udal gobernua, adierazi zuen hirian mugikortasun arazoak egotea, etxebizitza arazoa egotea eta hiriak bestelako arazoak edukitzea ez dela “turisten errua, udal gobernuaren kudeaketaren errua baizik”.
Turismoak hiriko hainbat arlotan eragiten duela mahaigaineratu zuen zinegotzi batek baino gehiagok, eta, hain zuzen ere, Antondegin etxebizitzak eta surf parkea eraikitzea baztertu izana kritikatzeko aprobetxatu zuen PPko bozeramaileak: “Turismoak eragina dauka etxebizitzaren prezioan? Agian bai, baina ez dakit. Baina ziur eragina duena da etxebizitzak ez eraikitzea. Donostiarrok zerbait irabazten dugu Antondegin behiak bazkatzen edukita?”. Argi erantzun zion ikus-entzuleen artean zegoen herritar batek: “Bai!”.
Parte hartze ereduak mahai gainean
Turismoak ez ezik, herri partaidetzak ere mahai inguruaren zati handi bat hartu zuen, moderatzaileak bi galdera mahaigaineratu baitzituen gaiaren inguruan. Lehenik eta behin, zinegotziei galdetu zien ea udalak zergatik ez duen herri kontsultarik egin Basque Culinary Centerren Manteoko egoitzaren proiektu zalapartatsuaren inguruan. Corominasek proiektuaren inguruan hitz egin zuen bere hitzartzean, baina ez zuen parte hartzearen inguruan ezer esan. Aldiz, Lasak defendatu zuen “inpaktu handiko proiektuak erreferendum bidez” kontsultatu behar direla herritarrekin, “udalbatzan gehiengo absolutua izatea ez delako txeke zuri bat”.
Insaustik, ordea, argudiatu zuen udal gobernuak “zilegitasuna” duela halako proiektuak aurrera eramateko: “Urtebete beteko da orain azken udal hauteskundeetatik, eta, bertan, alderdi guztiok gure programak aurkeztu genituen. Udal gobernuko bi alderdiak gure programetan proiektuaren alde agertu ginen, beraz, zilegitasuna badugu”. Halaber, gogorarazi zuen Donostialdeko ESIaren handitzearen, Ibaetako campusaren handitzearen eta beste hainbat proiekturen inguruan ez dela galdetu, arrazoi berarengatik.
Bere gobernukide Marrerok gogorarazi zuen parte hartze prozesuak proiektuen garapenean zehar egiten direla, eta ez dela “nahastu” behar “parte hartzea erregimen asanbleario batekin”. Alkizak, aldiz, salatu zuen EAJren eta PSE-EEren hiri ereduaren parte dela herritarrei ez galdetzea: “Guk bestelako eredu bat planteatzen dugu eta hala egin dugu gobernatu dugunean. Bidebietan, adibidez, kultur etxea eskatzen ari dira bizilagunak aspalditik, eta oraindik ez dakite zertan den gaia”.
Bestalde, udal gobernuko zein oposizioko zinegotziek aitortu zuten udalaren eta herri eragileen arteko “komunikazio kanalak” badaudela eta harremana badagoela, baina desberdintasunak agertu zituzten kanal horiei ateratzen zaien probetxuaren inguruan. Izan ere, Insaustik eta Marrerok nabarmendu zuten kanal horiek “hobetu” daitezkeela, baina kanal horiek askotarikoak direla —herritarren postontzia, kontseilu sektorialak, Ekialdeko Barrutia, Igeldoko Toki Entitate Txikia, bilerak, eta abar— eta udal gobernuak erabiltzen dituela.
Alkizak “udalean zein kalean” egotearen garrantzia aldarrikatu zuen, eta nabarmendu zuen auzo elkarteei “baliabideak” eman behar zaizkiela “komunikazioa hobea izan dadin”. Corominasek, aldiz, salatu zuen udal gobernuaren eta eragileen arteko harremana ez dela “politiketan bihurtzen”. Lasak, bestalde, esan zuen udal gobernuak ez duela “parte hartzean sinisten”, eta Ekialdeko Barrutia sortu zuten moduan, hiriko gainontzeko auzoetan ere barrutiak sortzea defendatu zuen, eta, batez ere, barrutiei “eskumen lotesleak” ematea.
Auzoen arteko desberdintasunak
Donostiako auzoen artean dauden askotariko desberdintasunen inguruan ere galdetu zien Tamayok zinegotziei, eta hiriko auzoen kudeaketan “bi martxa” daudela salatu zuten Lasak eta Alkizak. Hain zuzen ere, “sentipen orokortua” dela nabarmendu zuen Lasak, eta hori ere “hiri ereduaren parte” dela salatu zuen Alkizak: “Auzoetan etxeak eraikitzen da, baina lo auzoak sortzen dira, ez direlako auzo horiek behar bezala ekipatzen eta ez direlako auzoak biziberritzeko elementu traktoreak garatzen”.
Corominasek, bestalde, errenta mailan auzoen artean dauden desberdintasunei erreferentzia eginez, nabarmendu zuen ez zaiola gaizki iruditzen hirian “diru asko duen jendea” egotea, eta berak “denok aukera berberak izatean” sinistean duela: “Hezkuntza, kaleetako argiteria, kaleetako segurtasuna, mantenimendua… eta hori ez da betetzen”.
Insaustik eta Marrerok ukatu egin zuten auzoen arten bi martxa egotea: “Errealitate asko daude hirian. Udal gobernutik, berroneratzearen aldeko apustua egiten dugu, eta horren eredu dira kuartelak, Pasaiako badia, Herrerako proiektuak, eta abar”. Era berean, auzoen arteko desberdintasunak zuzentzeko, bost alderdiek “kontsentsuan” lan egitearen aldeko apustua egin zuen Marrerok.