Kapelaren Ibilbidea egingo dute igandean
Egitasmoaren bigarren urtea den arren, igande honetako ekitaldia oso jendetsua izatea espero dute.
San Martinen kapelak, txanoak, txapelak, turbanteak, pamelak eta buruan jarri daitezkeen osagarri guztiak armairutik ateratzen hasi dira dagoeneko, izan ere San Martin auzo elkarteak antolatuta, Kapelaren Ibilbidea egingo dute bigarrenez, igandean. Antolatzaileek egun osoko egitaraua prestatu dute ibilaldiaren baitan eta Donostiar zein kanpotar oro dago gonbidatu dituzte: “Parte hartzeko bi baldintza bete behar dira soilik: buruan zerbait eramatea, eta ondo pasatzeko gogoarekin etortzea”. Iaz 1.000 lagunetik gora batu ziren egitasmora eta aurten, kopuru hori gaintzeko aurreikuspenak dituzte.
Egitasmoaren erdigunean “aniztasuna” dagoela baieztatuta, kapela eta buruko guztiak ongietorriak izango direla adierazi dute antolatzaileek: “Haur, gazte, heldu, bertakoak, kanpokoak, eskuz egindakoak, eta aldarrikatzailek. Denak ongietorriak izango zarete”. Kapela, eramateak halaber, saria izango du epaimahaiaren gustukoa baldin bada. Bost kategoria daude: kapela dotorearena, originalena, talde saria, gazten saria eta IRUTXULOKO HITZAK ematen duen euskal nortasunaren saria. Elkarteko eragileek emandako produktu eta zerbitzuen zozketa egingo dute, “lau sari zuzen egongo direlarik”.
Egitaraua goizeko 9:00etan hasiko dute, Nobu hoteleko gosariarekin (aldez aurretik izena eman beharko da); ondoren,9:30ean Diana antolatu dute eta joaldunen soinuarekin esnatuko dituzte auzoko kaleak. 10:30ean harrera izango dute Miramar jauregian, Donostiako Lindy Hop taldearekin, eta catering txiki bat izango dute. 11:30ean, Espainiako Kapelagileen Elkarteko presidente ohia den Charo Iglesias omenduko dute, eta 12:00etan hasiko dute ibilbidea Kontxatik.
Eguerditik aurrera, mokadu bat hartzeko aukera izango dute parte-hartzaileek. Goizeko harreran banatutako txapekin San Martin auzoko tabernetan edaria eskatuz gero, pintxoa dohainik emango zaie kapela eta txapa daramaten guztiei. Txapela pintxoaren ibilbidea 13:30ean abiatuko da, sari banaketaren ostean.
Arratsaldean berriz, musika izango da festaren erdigune. 14:00etatik aurrera, Alex del Toro DJ-ak Manterola kalea girotuko du eta 17:00etan Radio Rebelde taldeaz gozatzeko aukera izango dute Erdialdeko Lobo tabernara gerturatzen direnek.
Auzo elkartea
San Martin Auzo elkartea duela lau urte sortu zuten Erdialdeko hainbat merkatari eta bizilagunek auzoa “berpiztu” eta “ezagutarazteko” asmotan. Geroztik, askotariko ekimenak egin dituzte eremua biziberritzeko, eta horien artean sortu dute Kapelaren Ibilbidea. New Yorken duela 100 baino gehiago hasi ziren egiten, Pazko asteko igandean. Duela hogei urte inguru Bartzelonara eraman zuten eta, ideia bera hartuta, Oihana Hernaiz kapelagileak Donostiara ekarri nahi izan zuen.