Koldo Mitxelena Literatura Lehiaketako sariak banatu dituzte

35. Koldo Mitxelena Literatura Lehiaketako sariak banatu zituen Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak larunbatean, udal batzar aretoan. Guztira, 23 lan saritu zituzten: bost komiki, sei olerki, sei ipuin, hiru bertso eta hiru mikroipuin, eta beste 21 lanek aipamen berezia jaso zuten; hemen ikus dezakezue sari banaketaren laburpen bideoa. Guztiak liburuxka batean jaso ditu Euskara Zerbitzuak.
6 eta 18 urte bitarteko haur eta gazteak izan ziren sarituak. Ekitaldian, udal txistularien bandak, Sara Cozar aktoreak (aurkezlea izan zen) eta Iñaki Salvador eta Olatz Salvador musikariek hartu zuten parte. Epaimahaia, berriz, sei pertsona hauek osatu dute: Iñaki Martiarena Mattin komikigilea, Beñat Gaztelumendi bertsolaria, Castillo Suarez idazlea, Ana Malagon idazlea, Inazio Mujika idazlea eta Arantxa Urretabizkaia idazlea.
Literatur lehiaketaren eragina eta arrastoa handia izan da urteotan. Batetik, literatura lehiaketaren helburua euskararen erabilera eta sormena ikasleen artean sustatzea, bete egin da hein handi batean, saritutako zenbaitek euskarazko sormen lanetan murgilduta jarraitzen baitute gaur egun. Bestetik, lehiaketaren datuak oparoak dira oso: 1990ean abian jarri zenetik 39.838 lan aurkeztu dira guztira.