Larunbatean abiatuko da hondartza denboraldia
Astero uraren osasun kontrolak egingo dituzte eta iazko planari eutsiko diote, karabela portugesak eta marmokak harrapatzeko.
Txakurrei ordu gutxi gelditzen zaizkie Donostiako hondartzez gozatzeko, izan ere, larunbatean hasiko da hondartza denboraldia. Irailaren 30era bitarte, udako denboraldian jarri ohi diren segurtasun, garbiketa eta osasun baliabideak ezarriko ditu udalak hiriko hareatzeetan. Zerbitzu gehienak larunbaten hasiko diren arren, olanak, karpak, eguzkitakoak eta aulkiak dituztenek ekainaren 15era arte itxaron beharko dute horiek erabiltzeko.
Carlos Garcia Donostiako Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zinegotziak azaldu duenez, azken urteko joera ikusita, marmokak edo karabela portugesak harrapatzeko iazko protokoloari eutsiko dio udalak. Hala, FCC enpresaren ontzia erabiliko du badian sartzen diren animaliak uretan jasotzeko, hareatzeetan amaitu ez dezaten. Era berean, sorosleek ziztadak artatzen badituzte, bandera zuria jarriko dutela iragarri dute udaletik.
Hondartzetako entretenimenduari dagokionez, ekainaren lehen astean gabarroiak jarriko dituzte: hiru Kontxan eta beste hiru Ondarretan: “Aurten, bai Zurriolan, bai Ondarretan, hutsik geratu dira igerileku eskolak jartzeko lehiaketak, eta, beraz, Donostiako hondartzek ez dute zerbitzu gehigarri hori izango”, adierazi du Garciak.
Hareatzetako garbiketei dagokienez, berriz, 23 langilek osatuko dute garbiketa taldea. Egunero hondartzen baheketa egingo dute, ohi bezala, mekanikoki eta gauez, goizeko hamarrak arte. Ordu horretatik aurrera, hondartzak eskuz garbitzeko prozesua hasiko dute langileek.
Gainerakoan, 24 pertsona egongo dira erabiltzaileen ongizatea bermatzen: hemezortzi sorosle hondartzetan (bost Ondarretan, bost Kontxan eta zortzi Zurriolan); hondartzako hiru arduradun, koordinatzaile nagusi bat eta uretako motoetarako bi patroi. Patroi horietako batek, halaber, zodiaka ere erabili ahal izango du kasu berezietan.
Aurten, berrikuntza gisa, hiriko lau hondartzek (uhartea barne) pantaila desmuntagarriak eta zabalgarriak izango dituzte, hareatzetan egon daitezkeen zaurituen intimitatea mantentzeko. Lagundutako bainu zerbitzuari dagokionez, berriz, ohi bezala, ekainaren 15etik irailaren 15era egongo da erabilgarri, aldez aurreko zita eskatuta, eta Kontxan, 11:00-19:30 bitarte.