Paperezko pertsonak erreal bihurtzea
Euskadiko Gestalt Psikologia Institutuak 40 urte bete ditu, eta irakasle, ikasle, lagun eta senideez inguratuta ospatu zuen ostiralean urteurrena, Donostiako Aquariumean. Montse Mendikute institutuaren sortzaileari ere egin zioten omenaldia.
40 urte pasatu ditu Montse Mendikutek Euskadiko Gestalt Institutuaren zuzendaritzan, eta horri guztiari agur esateko ordua iritsi zaio orain. Lagunez, familiaz eta institutuko ikasle zein irakaslez inguratuta egin zioten “hainbeste merezi zuen” omenaldia. Buru osasunari eta autoezagutzari bizipen esperimentaletik eta talde bizipenetik heltzen ikasteko modu aitzindaria izan zen Mendikuterena; orain, ordea, “pozik eta gogotsu” dagoela aitortu zuen terapeutak, etapa berriaren aurrean.
Auditoriora sartzeko uneak hunkigarriak izan ziren institutuaren parte diren guztientzat; topaketak, aspaldiko lagunak, irakasle zein ikasleak elkartu ziren Aquariumean, institutua eta Mendikute zoriontzeko zain. Aulkiak betetzen hasi ziren, jende heldu zein gaztearekin; psikologiaz asko zekienik bazegoen, baita ikuspuntu berriak ezagutu zituenik ere. Barreak, egoera inprobisatuak; “hori ere badelako Gestalt”.
Punta-puntako profesionalek bete zuten hitzaldi nagusiko mahaia, eta Arantxa Blancok eman zion hasiera ekitaldiari, Gestalten irudi berriaren koordinatzaile nagusiak. Hunkituta, institutuak emandako guztiaz mintzo zen: “Bizirik jarraitzeko eta osasun onaz gozatzeko arrakasta eman digu”. Hori delako Gestalt; “osatu, aztertu eta hazi”, eta ez soilik bizitzea, baizik eta ondo bizitzea.
Elkarren beharra
Mendikuteri eman zion hitza Blancok, 40 urteotan bizitakoa konta zezan. Insitutuaren sorrera, oztopoak eta momentu onak. Denetarik egon delako bidean. Bokazioz hasi zen Mendikute psikologian, baina, esan zuenez, ez zuen inola ere imajinatu 40 urteren ondoren lortutako guztia lortuko zuenik. Gaztetasunaren indarrak eraman zuen bidea hastera (28 urte besterik ez baitzituen institutua sortu zutenean), eta Marian Urkidirekin hasi zen, lagunak eta formazio kideak zirela. Mendikuteren ustez, ideia argiak zituen Urkidik, eta berea izan zen Gestalt terapia Euskadira ekartzearena, Bartzelonako eta Madrilgo irakasle eta psikologo erreferenteen laguntzaz.
Gestalt berezia zen beraientzat, ez zuelako zerikusirik psikoanalisi edo konduktismoarekin: “Desberdina zen, bizi sentiarazten gintuen”. Taldelanak norbere patroi eta harremanei eusteko moduaz ohartzen laguntzen baitu; hori izan zen prestakuntza horren indarguneetako bat, eta laster hasi zen ospea hartzen. Familia ere garrantzitsua izan da bide honetan, aitortu zuenez, eta Mendikutek bere ahizpa Mercheri luzatu nahi izan zizkion eskerrak: “Sostengu afektibo handi bat izan da”. Konstantziari eta borrokari esker lortu du Mendikutek lortu duen guztia, emakume “borrokatzaile” bat delako, bere hitzetan, eta familiatik datorkiola argitu zuen. Formakuntza taldeen prozesuak eta transformazioak mantendu du Mendikute institutuan, hainbeste denboran zehar. “Elkarren babesa” behar dugulako, hazteko.
Babes handia izan dira berarentzat, beste batzuen artean, Julen Ortiz de Murua eta Carlos Cervera, mahaia bete zuten beste bi profesionalak. Gestaltek eboluzionatu duen horretan, freskotasuna beharrezkoa izan da prozesu horretan guztian. Ortiz de Muruak institutua “emakumeek sortutako proiektu bat” dela azpimarratu nahi izan zuen, duela 40 urte hori egiteak zekarren zailtasunekin: “Gaur egun zaila bada, are zailagoa zen orduan”. Berritasunak bakardadea ekartzen zuela eta gazteak zientifikoki baztertzen zituztela aitortu du psikoterapeutak: “Duela ia hamar urte arte, neurozientziak ez dira legezkotu”. Transformazio prozesuen arrakasta besteak sentitzen duen hori sentitzetik datorrelako, bestea sentitua eta pentsatua sentitzetik.
Intuizio ona
Gestalt jardunaldietan topatzeagatik ezagutu zuten elkar Mendikutek eta Cerverak. Donostiarrak, ordea, intuizioz jakin zuen aragoiarra oso ondo etorriko zitzaiola institutuari, eta ia ezagutu gabe, Zaragozatik etorri zen Cervera, bertan kolaboratzera. Lanera etorri zen horietan ezagutu zuten gehiago elkar, eta laster egin ziren lagunak: “Niretzako arreba nagusi bat izan da Montse”, esan zuen, irribarrez. “Oso erraza izan da beti harremana berarekin”.
Zaragozako Albor Psikologia Institutu Integratiboaren zuzendaria da Cervera, eta denbora gutxi zeraman, orduan. Beste garai batzuetaz mintzo zen hitzaldian; egoerak desberdinak dira gaur egun, eta datozen belaunaldiek ez dute Gestalt berdin ikusten. Beharrezkoa delako egunera egokitzea. Hala ere, belaunaldien arteko konexioak elkarbanatu nahi izan zituen: “Erritmoari diogun errespetuak batzen gaitu; badakigu bultza egiteagatik ez dela lehenago iristen”.
Etapa berri bat
Arantxa Blancok (koordinatzaile nagusia), Olatz Berastegik (formakuntza koordinatzailea) eta Mikel Usabiagak (koordinatzaile teknikoa) hartuko dute orain Mendikuteren lekua. Institutuaren zuzendaritzaren parte izateko proposamenarekin “gauza asko” sentitu zituzten, 40 urteko legatu bat hartzeak “bertigoa” ematen baitu. Zalantzari eskutik helduta, bertigoari berari, aurre egiteko konpromisoa hartu du hirukoteak, datorrena datorrela. “Oso zainduak” sentitu direla esan zuten, eta institutua zaharberritzeko desira handitzen joan dela, proiektuak aurrera egin duen heinean: “Eskaintzen dugun horretan sinesten dugu, eta polita da forma hartzen duela ikustea”.
Webgune berria aurkeztu zuen Blancok, nahiz eta oraindik ikusgarri ez dagoen. Irudi berri bat sortu dute, eguneratu egin dute, eta formakuntzei eta zerbitzu berriei buruzko beharrezkoa den informazioa egongo da erabilgarri bertan, besteak beste.
Azken minutuak Mendikuteri eskaini zizkion koordinatzaile berriak, ekitaldiaren protagonista nagusiari. Institutuko irakasle eta kolaboratzaileen bideoak jarri zizkioten, urrunetik ere berotasuna sentitzeko, eta ikasleetako bik, Jon Ariztiak eta Unai Muñozek, bizpahiru bertso kantatu zizkieten Mendikuteri berari eta institutuari. Maria Agirre ikasle eta clown profesionalak ere ikuskizuna eskaini zuen, dagoeneko zuzendari ohia denari eskerrak emateko. “Eskerrik asko guztiagatik, eta hainbesterengatik, Montse”.