Amara Berrik dituen askotariko beharrak mahaigaineratu dituzte
Amara Berriko auzo elkarteak Elkarrizketarako Mahaia egitasmoa antolatu zuen larunbatean auzoan, bizilagunen kexak, iradokizunak eta ekarpenak jasotzeko. Hain zuzen ere, auzo elkarteko bederatzi kide 11:00etatik 13:30era egon ziren Madril hiribidearen eta Isabel II.aren kalearen arteko izkinan jarri zuten mahaian, auzotarrei informazioa banatzen eta euren ekarpenak jasotzen. Auzo elkarteko kide Xabier Berridik azaldu duenez, “arrakasta handia” izan zuen egitasmoak: “Auzotarrak etengabe joan ziren mahaira, eta idatzizko 49 ekarpen eta ahozko ekarpen ugari egin zituzten”.
Askotarikoak izan ziren ekarpen horiek: hainbat kaletako mantenimendu eta garbiketari buruzkoak, Anoeta inguruko lanek sortzen dituzten eragozpenei buruzkoak, arratoiei buruzkoak, espazio publikoaren erabilerari buruzkoak, eta abar.
Inbertsio falta salatu dute
Auzo elkarteak azken hiru urteotan udalak auzoan inbertitutakoa neurtu du, eta horren inguruko informazioa zuen esku orri bat banatu zuen auzotarren artean. Horrela, euren kalkuluen arabera, 2022an, Donostiarako inbertsioen aurrekontu osoaren %1,77 erabili zen Amara Berrin; 2023an, %0,85 eta 2024an, %0,91: “Donostiak, gaur egun, 188.743 biztanle ditu, Amara Berri auzoan 23.477 biztanle gara, hau da, biztanleria osoaren %12,43. Hau da: udalak hiri osoko inbertsioen aurrekontu osoaren %0,91 bideratzen du biztanleriaren %12,43ra”, dio auzo elkarteak esku orrian.
Halaber, salatu dute “inbertsio gehienak” Anoetara bideratzen direla: “Horren erakusgarri, partida egunetarako Errondo pasealekuko motorren aparkalekua. Aurtengo aurrekontuetan ere, beste aparkaleku bat agertzen da, autokarabanentzat, Illunben, Amara Berriko bizilagunekin zerikusirik ez duena. Ekarriko digun gauza bakarra auzoan trafiko gehiago izatea da, jasaten duguna gutxi balitz bezala”
Gaineratu dutenez, “hiru urteotan, Antso Jakitunaren hiribidea baino ez da hobetu, eta, guztiok egiaztatu dugunez, lurpean hodiak hobetzeko obra izan da. Gainazaleko espazioa lehen bezala geratzen da; beraz, mantentze lanetako gaia da, hobekuntzakoa baino gehiago. 2024ko aurrekontuetan, plaza bat estaltzea ere inbertsio gisa agertzen da, baina azpimarratu behar da proiektu hori auzokideen partaidetzazko aurrekontuen bozketatik datorrela, eta, beraz, nahitaez bete behar da. Eta, beste behin ere, aurtengo aurrekontuan beste diru bat agertzen da Armeria eta Olaeta plazak hobetzeko proiektu parte hartzaile baterako. Proiektu hori 2018. urtekoa da, eta behin eta berriz iragartzen da auzoa hobetzeko partida gisa, baina ez dirudi inoiz gauzatuko denik. Noiz arte itxaron beharko dugu azterketa hau egia bihurtzeko!”.
Halaber, auzo elkartetik udalari hainbat esku hartze proposamen egin dizkiotela nabarmendu dute: Armeria eta Olaeta plazetako berrurbanizazioa, Madril hiribidearen eta Felipe IV.aren kalearen arteko oinezkoen pasabidea birgaitzea, Paco Yoldi kiroldegia handitzea eta Anoetako zerbitzuak hobetzea, Morlans-Anoeta trenbide zatia lurperatzea eta Anoeta eta Loiola artekoa estaltzea, Amara Berrirako gizarte zerbitzuetako zentroa egitea, zahar etxea handitzea edo berri bat egitea, haurtzaindegi berri bat egitea eta Gobernu Zibila kultur etxe bihurtzea.