Bretxako instalazioak hiru hilabetetan hustu beharko ditu enpresa emakidadunak
Donostiako Udalak iraungitzat jo du Bretxako emakida, eta Baika enpresa emakidadunak hiru hileko epean hustu beharko ditu instalazioak. Hala azaldu du udalak berak ohar bidez: “Donostiako Udalak Bretxako Merkatuaren emakidaren kontratua iraungitzeko izapideekin jarraitzen du, maiatzaren 24an Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren (EABJ) txostena jaso ondoren. Ostegun honetan bertan egingo den ohiz kanpoko Tokiko Gobernu Batzar batean, enpresa emakidadunak “kontratuaren funtsezko betebeharrak ez betetzeak” eragindako arazoak konpontzeko hainbat prozedura onartzea aurreikusten da”.
Zehazki, honako prozedura hauek onartu dituzte biharko ezohiko Tokiko Gobernu Batzarrean: “Interesdunek aurkeztutako alegazioak ezestea eta emakida iraungitzat jotzea; behin betiko bermea konfiskatzea; emakida baloratzeko prozedurari hasiera ematea, emakidadunari dagokion kalte-ordaina ordaintzeko, legeak ezartzen duenaren arabera eta emakidadunak udalari eragin dizkion kalte eta galerak zehazteko prozedura hastea”.
Bestalde, emakidadunak instalazioak hiru hileko epean hustuko ez balitu —erabaki hori jakinarazten denetik zenbatzen hasita—, udalaren arabera, “kalte ordaina jasotzeko eskubidea galduko du eta legeak aginduta utzi beharko du”.
“Akordioan adierazten da emakidari atxikitako eraikinak eta ondasunak benetan entregatu arte, emakidadunak zerbitzu eta hornidura guztiak mantendu eta ordaindu beharko dituela, beharrezkoak baitira bertan egiten diren jardueren jarraitutasuna eta eraikinen eta erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko. Emakidadunak ezinbesteko neurri horiek bermatzen ez baditu, udalak esku hartu ahal izango du, eta neurri horiek bere baliabideekin edo kontratatutako hirugarrenen bitartez egingo direla bermatzeko”, gehitu du udalak oharrean.
Halaber, prozedura hau abiatzeko “berme juridikoak” dituela nabarmendu du udalak: “2024ko maiatzaren 24an, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak Akordioa helarazi zion udalari. Bertan, kasuaren inguruabarrak aztertu ondoren, adierazten du emakida ondare izaerakoa dela, eta, beraz, organo horrek ez du iraungitzeari buruzko irizpenik eman behar, baina beren-beregi uste du ‘udalak amaitu dezakeela, juridikoki egokitzat jotzen duen ebazpena emanez, funtsezko izapideak behar bezala bete direla ikusten baita'”.