Kultura eta futbola uztartuko ditu aurten ere Korner jaialdiak
Kornerrek, Realak antolatu eta Donostia Kulturaren laguntza duen jaialdiak, kultura eta futbola uztartuko ditu ekainaren 4tik 8ra bitartean hiriko hainbat gunetan egingo den zazpigarren edizioan.
Hitzordu honek diziplina artistiko eta kultural desberdinen eta futbolaren arteko harremanak aztertzea proposatzen du, eta solasaldiak, proposamen eszenikoak, proiekzioak edo erakusketak eta jarduera ludikoak barne hartzen ditu.
Jaialdiak 2018an ekin zion bere ibilbideari, eta kulturak futbolarekin duen lotura gero eta ugariagoa erakusten du bere programan, gaur egun kirol arlotik haratago doan fenomeno soziala.
Eduardo Chillida izango da Kornerren edizio honetako protagonista nagusia, bere jaiotzaren mendeurrenarekin batera, erakusketa baten bidez. Bertan agerian uzten ditu futbolaren eta artearen arteko lotura iraunkorrak artistaren unibertsoan. Eta kontakizun pertsonal eta artistiko batetan oinarrituta, argitaratu gabeko hemeretzi lanekin eta Atotxa futbol zelairako zen friso galdu baten birsorkuntza partzial eta poetikoaren bidez egiten du.
Programa
Erakusketa ekainaren 6an inauguratuko da. Erakusketaren bisita gidatuaren ondoren, Mikel Chillidaren, Joxean Muñozen eta Juan Tallonen arteko solasaldiaz gozatzeko aukera izango da. Sarrera librea izango da edukiera agortu arte. Erakusketa Ernest Lluch Kultur Etxean dago, eta uztailaren 27ra arte egongo da ikusgai.
Ekainaren 2an, jaialdiaren atariko gisa, Diego Cagidek eta Diego Lucerok zuzendutako eta Dibulitoon Studio, Malabar Producciones, Paycom Multimedia eta Kantauri Filma AIE ekoiztetxeek ekoitzitako Robotia animaziozko filmaren aurrestreinaldia izango da. Androideak nagusi diren mundu batean, neska batek futbolean jokatzea amesten du, nahiz eta bere familiak debekatu egin dion. Lagunek bere nahia betetzen lagunduko diote, eta guztiei erakutsiko diete zer egin dezaketen elkarrekin, bai futbol zelai barruan, bai kanpoan. Ekainaren 7tik aurrera ikusi ahal izango da filma aretoetan. Jarduera doakoa da, baina beharrezkoa da jaialdiaren webgunean (www.korner.eus) izena ematea.
Korner asteartean hasiko da, hilak 4, Visiones del futbol atalarekin. Bertan, kulturaren eta sorkuntzaren hainbat sektoretako pertsona nabarmenek futbolari buruz duten ikuspegia eta kirolarekin duten harremana azaltzen dute. Iazko edizioan Enrique Vila-Matasekin lortutako arrakastaren ondoren, aurten Enric Gonzalez izango da atal honetako protagonista. Kazetaria eta hainbat herrialdetako berriemailea, Enric Gonzalez futbolzale amorratua da, eta bizitzari eta futbolari buruz duen ikuspegi berezia islatuko du. Ylenia Benito kazetariak elkarrizketatuko du. Sarrera librea, edukiera agortu arte.
Asteazkenean, hilak 5, Kornerrek kiroleko osasun mentalari buruzko eztabaida bat proposatuko du, (Des) equilibrio en la cima izenburupean. Nola prestatu exijentziarik handienerako? Zer egin buruak nahiko esaten digunean? Eliteko hiru kirolarik, Markel Alberdi igerilari gipuzkoarrak, Carla Suarez tenislariak eta Aihen Muñoz Realeko futbolariak, gai hauek eztabaidatuko dituzte Uxue Otxoa kirol psikologoarekin. Sarrera librea edukiera agortu arte.
Ekainaren 7an, programak Antzoki Zaharrean jarraituko du, Jon Plazaolak sortutako bakarrizketa ikuskizun batekin: Mikatza. Aktore ezagunaz gain, Getari Etxegarai eta Kepa Errasti aktoreek ere parte hartuko dute. Mikatza jaialdia Monologolak sail ezagunaren barruan kokatzen da. Bertan, futbolaren alderdi ezberdinak eta bere inguruko guztia umorez jorratzen dira. Sarrerak 18 eurotan daude salgai Donostia Kulturako leihatiletan, www.donostiakultura.eus webgunean eta Kornerren webgunean.
Egun horretan bertan, Kornerrek proposamen original bat prestatu du Anoetan. Garaikurrak, aldagelak eta beste txoko sakratu batzuk barne hartzen dituen bisita berezia eskaintzen du, ondoren Premium Gunean Brazalete Negro podcastaz zuzenean gozatzeko. Aitor Lagunasek gidatuta eta Andoni Agirregomezkorta gonbidatu gisa, Brazalete Live: ¡Que vienen los vascos! saioa zuzenean eskainiko da Anoetan. Jarduera doakoa da, baina beharrezkoa da jaialdiaren webgunean (www.korner.eus) izena ematea.
Eta bukatzeko beste emanaldi bikoitz bat izango da hilaren 8an. Eguerdian bermut bat hartuko dute futbolaz hitz egiten. Kornerrek Panenkak argitaratutako El Descuento liburuaren bi egile aipagarrienak bilduko ditu. Belen Gopeguik eta Enrique Ballesterrek Javier Giraldo moderatzailearekin hitz egingo dute. Hori guztia LABek prestatutako aperitibo batekin izango da. Jarduera doakoa da, baina beharrezkoa da jaialdiaren webgunean izena ematea.
Eta arratsaldean, beste klasiko bat izango da Kornerren programazioan: Chillida Lekuri bisita. Museoko bisita gidatuaz gozatu ahal izango dute bertaratzen direnek eta urte honetan bertan dauden artelanak ezagutu ahal izango dituzte.
Eta amaitzeko, solasaldi bat izango da Chillida Lekun bertan. Realeko hainbat belaunalditako jokalariak bilduko dira bosgarren urtez jarraian Europako txapelketan aritzeko sailkatzeak ekarri duen gertaera historikoaz hitz egiteko. Jarduera doakoa da, baina beharrezkoa da jaialdiaren webgunean (www.korner.eus) izena ematea.
Jaialdiaren programari buruzko informazio guztia, programa, izen-emateak eta sarrerak www.korner.eus webgunean aurki daitezke.