Oier Pastorrek irabazi du Altzako Bertsopaper Lehiaketa
Altzako XIV. Arantza Hernandez Ezeiza Bertsopaper Lehiaketa egin dute, eta Bizarrain euskara elkarteak jakinarazi du Oier Pastor izan dela irabazlea, Izatearen Bidaia lanarekin. Bestalde, Altzako onenaren saria Xabier Joseba Mujikak jaso du, Joan Mariri bertsopaperarekin.
Jarraian, Izatearen Bidaia bertsopapera daukazue (doinua: Xilabara jina nauzu), Bizarrain elkartearen webgunetik ekarritakoa:
1.
Gotorleku magikoa
ilunarte erosoa
babestu egin duena
nire izate osoa
kanpoko soinu leunak
berba jario zozoa
nor izango den ez dakit
usoa ala otsoa
bederatzi hilabete
ezusteko kuriosoa
laster utzi beharko dut
nire etxe panpoxoa
etapa berria dator
ostera misteriosoa
baina barruan daramat
amaren koba goxoa
2.
Munduratzeko bidaian
ama nire karabela
biltzen nauen kabi sendo
oskol bero ta umela
itzaletan eraiki dut
utziko dudan kuartela
ez dut bidea aurkitzen
ilun-ilun da tunela
mugimendua entzun dut
arduraren xaramela
metalak klinki ta klanka
ebakuntzaren zarzuela
eten egingo zait laster
sostengu dudan kordela
urratu egin zait koba
kanpora noa horrela
3.
Eskularru hotz urdinak
gainean zaizkit azaldu
ezinegona, ikara
negarrez ditut azaldu
erosotasuna zena
bilakaturik asaldu
hotza, argia, zarata
ingurua zait zitaldu
ume koxkor txiki honek
esku lagunik ez al du?
Taupadak sentitu ditut
arnasa goxo ta malgu
azal ta azal itsatsi
usain lorratza ez galdu
mundu berri bat aurrean
kolpetik baita zabaldu
4.
Silueta lainotsuak
bihurtu zaizkit oasi
emozioak airean
ilusio ta estasi
denak ez dauka ordea
uste bezainbeste grazi
beldur, urduritasuna
ezin da ezkutarazi
nire inguruan dago
ekintza, lan eta praxi
ertz eta muga berriak
mundua zena, galaxi
handik honantza dabiltza
ez daitezela nahasi
negar egingo dut eta
banaizela adierazi
5.
Balantzaka, erorian
lehen pausoak antzeztu
airearekin marrazten
lehen eleak abestu
xalotasun biluztua
naizenaren manifestu
bizitzaren hegaldia
ezin dut baizik mirestu
kolore eta argiak
aurrean zaizkit aurkeztu
mundu brillanteagorik
ezingo nuke amestu
lilura honen izpiak
nahiko nituzke babestu
bizitzaren ortzadarra
ez dadila zuri-belztu
6.
Aholkuak badatozkit
ahots itzalien kluba
puntada bakoitzarekin
osatu nahian jostura
zehazten saiatzen dira
zehazgabe den figura
zizelkatzen tematuak
forma gabeko itxura
lorpenen antsietatea
arrakastaren kultura
nire urratsak ontzea
ez da inoren ardura
bidea eraikitzeak
beharko luke helmuga
lorategi makatza naiz
ez lantzen den eskultura
7.
Loratzen hasiak dira
bitxilore, izpiliku
garatzen, hazten, aldatzen
azal eta izpiritu
eskarmentua bihurtzen
akats, oker ta istripu
putzuko lokatzak ere
badu mila zirrikitu
inor ez baita jaiotzen
mundu hontara aditu
zorroztasunaren baitan
matxinada dut prediku
jakinmina nire arma
bidezidorrak argitu
neure burua ikertzen
ingurua deskubritu
8.
Sastatzen hasi egin zait
babesten nauen esfera
aire karamelatuak
biltzen duen atmosfera
urteek ekartzen dute
haize lakar baten txera
nagusitzearen gudan
lañotasuna trintxera
hegaldaka nabigatu
ilusio ta kimera
emozio ta sentipen
ikasi eta mendera
bizipen bakoitzarekin
eraikitzen da norbera
izana zirriborratzen
bizitza baten afera
Joan Mariri bertsopapera ere jarraian irakurri dezakezue (doinua: Sortetxeari), hau ere Bizarrainen webgunetik ekarritakoa:
1.
Ikasketez injeniari
kirolean futbolari
zorioneko Joan Mari.
Baina barruan ahots sakon bat
esaten zitzaizun ari:
Venezuelara joan hadi
behar duen jendeari.
2.
Itzuli zinen etxera
garai hartatik aurrera,
beste zerbait bilatzera.
Irakasletza izan zenuen
orduko lehen joera
baina handik pixkatera
idazlearen papera
izan zen zure aukera.
3.
Zuk egindako liburu
hogeita hamar inguru
gutxienez baditugu.
Babilonia konpontzea zen
agian zure helburu.
Hortan bihotz eta buru
saiatu zinen seguru
eta eskertzen dizugu.
4.
Une latz eta astunak
egun triste ta ilunak
dakarzki gaixotasunak.
Baina halere lanez betetzen
zenituen zuk egunak.
Zeinen botika txukunak
etxeko eta lagunak
eta haien maitasunak!
5.
Aldatu arren itxura
sarri datorkit burura
ume gineneko hura.
Altzako lurrek etxez beteta
emanagatik tristura
askatu gabe aingura
gorde zenuen lotura
joan zinen arte zerura.