Okendotegiko erasoaren biktimari «elkartasuna» adierazteko eta erakundeei «konponbide integralak» eskatzeko mobilizatuko dira
Okendotegiko erasoa pairatu zuen herritarraren bizilagun baten testigantza helarazi du auzo elkarteak, besteak beste, administrazioari neurri eraginkorrak eskatzen dizkiona.
Eraso larri bat izan zen joan den astean Martutenen, Okendotegiko bizilagun baten etxean indarkeriaz egindako lapurreta egin zutenean. Horren aurrean, erasoa “irmoki” salatu zuen Sarroeta auzo elkarteak, eta erantzukizunak eskatu zizkien erakundeei; orain, elkarretaratzera deitu du auzo elkarteak, erasoaren biktimari “elkartasuna” adierazteko eta auzoko segurtasunaren arazoari “konponbide integralak” emateko. Ostegunean (hilak 30) izango da mobilizazioa, 19:00etan, eta auzo elkarteak jakinarazi du Donostiako Udaleko zinegotziak gonbidatu dituztela, udal gobernukoak zein oposiziokoak.
Azkenaldian, auzo elkarteak salatu duenez, lapurreta eta lapurreta saiakera asko izan dira auzoan, eta Poliziaren esku hartzeetatik haragoko neurriak eskatu dituzte: “Poliziaren esku hartzea eta urgentziazko protokoloak, epe laburrean lagun dezakeen neurriak dira, bai, baina badakigu ez dela epe luzerako konponbide integrala gure hirian aspalditik bizi dugun arazoarentzat. Konponbide integrala behar dugu, horregatik, prebentzioa, esku hartzea eta gizarte zerbitzuetan inbertitzea eskatzen dugu”.
Halaber, Martuteneko egoera “hainbat urtetako politika zentristen ondorio” dela nabarmendu du auzo elkarteak: “Periferiaren beharrak, azpiegiturak eta zerbitzuak “bertan behera” uzten dituzten politikenak, eta horrek herritarrok egunero jasaten ditugun ondorioak ditu”. “Martuteneko bizilagunei lasaitasun mezu bat helarazi nahi diegu. Udaletik jakinarazi digute larrialdietarako polizia protokolo bat martxan jarri dela eta gaiaren gainean daudela. Hori oso ondo dago, baina berriro diogu hau epe laburrerako petatxo bat baino ez dela”, gaineratu dute.
Bizilagunen testigantza
Elkarretaratzearen deialdiarekin batera, Okendotegiko erasoa pairatu zuen herritarraren bizilagun baten testigantza helarazi du auzo elkarteak, eta baita erasoa pairatu zuen bizilagunaren mediku partea ere, bizilagunen testigantza baieztatzen duena. Testigantza jarraian irakur dezakezue, osorik:
Duela hamabost egun, Okendotegiko bizilagunen whatsappak jasotzen hasi nintzen, gauetan lapurreta egitera sartzen ari zirenei, eta, beraz, adiago egoten hasi ginen. Joan den larunbatean, maiatzaren 18an, goizeko hiruretan, ama (79 urte) eta biok lo geundela, etxera sartu ziren, txakurrak zaunka egin zuen, zaratak entzun genituen eta, zorionez, altxatu nintzenean atetik joan ziren. 112 telefonora deitu genuen, Ertzaintza etorri zen eta salaketa jarri genuen. Mugikor bat eraman zuten, baina beldurra eta segurtasunik eza gorputzean sartuta geratu zitzaizkigun.
Handik hiru egunera, maiatzaren 22an, asteazkenean, arratsaldeko zortzietan, aldameneko etxeko bizilagunak txirrina jo zigun, atea ireki eta zutik zegoen, begi hozkatu-puztuarekin, eskumuturrak odoletan eta jipoia eman ziotela esanez. 112ra deitu nuen. Ertzaintza eta anbulantzia etorri ziren. Tarte horretan kontatu zigun mutil batek txirrina jo ziola, gasolinarik gabe geratu zelako eta bidoi bat betetzeko eskatuz. Ezetz esan zionean, barrurantz bultzatu zuen, eraso egin zion eta hankak eta eskuak lotu zizkion. Horrela utzi zuen, harik eta bere kabuz askatu eta txirrina jotzera etorri zen arte, bi ordu inguru. Anbulantzian eraman zuten. Emaitza: kolpeez gain, bi saihets hautsita eta orno bat mugituta.
Hala eta guztiz ere, kontsolatu egin ginen okerragoa izan zitekeelako, kolpe horietako edozeinetan gure bizilaguna hil zitekeen.
Argi dago bizi izan dugun egoerak gure bizitza nahasi digula, gauean jaikitzen gara zerbait entzun dugula pentsatuz; txakurrarekin irteten naiz amaren eta alabaren bila autobus geltokira, arratsaldeko zazpietan bada ere, eta egunez bada ere…
Poliziaren neurriak areagotu direla esan dute, baina zarata pasatzen denean, Poliziak alde egingo du eta arazoak hor jarraituko du eta guk beldurrez bizitzen jarraituko dugu. Aspalditik, udalak eta Ertzaintzak badakite zein den Martuteneko segurtasunik ezaren arazoen fokua, baina inork ez du ezer egiten. Batzuetan zerbait larria gertatu behar da administrazioek neurriak har ditzaten. Espero dezagun gertaera hau erabakiak hartzen hasteko bezain larria izatea, eta ez itxarotea hildako bat egon arte eskuak burura eramateko. Ez dugu berriro kontzentratu behar arazo hau salatzeko.