Donostiako Herrerako emakumeak harmailetatik kantxara
Hamar urte dira Donostiako Herrera auzoko emakumeen pala txapelketa abiatu zutenetik. Mozkor Frentekideok txapelketa 1987. urtean sortu zen, baina 2014an emakumeek harmailak utzi eta frontoiaren erdigunea hartu zuten.
1987ko ekainean Donostiako Herrera auzoko hainbat gizonek asteburuetan kirol apur bat egiteari ekin zioten, nola edo hala, baina asteburuetako poteoari uko egin gabe. Hortik dator Mozkor Frentekideok pala txapelketaren izena. 2014ra arte, ordea, gizonezkoek soilik hartu zuten parte, baina 2014an lehen aldiz eskaini zuten emakumeek lehen erakustaldia eta 2015ean jokatu zen Mozkor Frentekideko emakumezkoen lehen pala txapelketa. “Hasiera batean lauzpabost zororen harrikada zenak, berehala lortu zituen herreratarren artean onarpena eta miresmena”, diote sustatzaileek. Ekainean 10 urte beteko dira lehen erakustaldi horretatik.
Amaia Jorge Elorz eta Naike Azurza Carnes aldaketa prozesu horren protagonistetako batzuk dira eta beraiekin egon da ARGIA. Beraien bikotekidek, auzokideek… txapelketan parte hartzen zutela ikusirik, proposamena egin zieten antolatzaileei. “Egin ezazue”, erantzun zieten eta teniseko pilotarekin jolasten hasi ziren. 2014ko gizonezkoen finalean erakustaldi bat egiteko aukera eskaini zitzaien, eta hurrengo urtean ekimena formalki sortu zuten.
Hasierako esperientzia ez zen erraza izan, ordea, Amaia Jorgek aitortu duenez: “Hasieran arrotza egin zitzaidan, ezagutzen ez dudan jendearekin ez naiz oso irekia, eta bi urte horietan txapelketa osatzeko ezagutzen ez genuen jendearengana jotzen genuen”. Azken bost urteetan, emakumezkoen palaren inguruan interesa eta parte-hartzea handitu direla azpimarratu dute.
Erreportajea hau Argia-tik ekarri dugu CC lizentziei esker. Hemen jarraitu dezakezue irakurtzen.