Gladys del Estal omenduko dute larunbatean, haren hilketaren 45. urteurrenean
Aurten ere Gladys del Estalen omenezko ekitaldia antolatu dute Gladys Gogoanek eta Eguzkik. Larunbatean izango da, Gladys Enean. 45 urte pasatu dira guardia zibil batek Gladys hil zuenetik, buruan tiro bat jota. 1979ko ekainaren 3an gertatu zen, Tuteran, energia nuklearraren eta Bardeako Tiro Poligonoaren kontrako mobilizazio baten jazarpen polizialaren baitan.
Larunbat honetan, lehenengo zita 11:30ean izango da Bulebarrean, handik parkera bizikletaz joan nahi dutenentzat. Bigarrena, berriz, 12:00etan, parkeko ate nagusian. Hortik abiatuko dira erromerian Gladysen omenezko oroitarria dagoen lekura. Eta han goian egingo da ekitaldia, ohiko osagaiekin, aurreskua, lore eskaintza, musika eta beste.
Honakoa adierazi dute antolatzaileek: “Gladys gogoratzen dugu gure laguna izan zelako, gutako bat izan zelako, eta zigorrik gabe geratu zen hilketa hura ahanzterik ez dagoelako. Baina gogoratzen dugu, batez ere, zorigaiztoko egun hartan Tuterara eraman zuten arrazoiek bizi-bizirik dirautelako. Horregatik, omenaldian beti dago tarte bat aktualitateaz ere hitz egiteko. Azken batean, Galdys hil zuten eguzkia, ura eta askatasuna defendatzeagatik, eta hori beti aktualitatezko kontua izango da. Beti”.