Indarkeria matxista kasuetan protokoloa aktibatzeko garaian «determinazioa» eskatu dio EH Bilduk udal gobernuari
Maiatzaren 5ean eraso matxista bat gertatu zen Altzan, eta EH Bilduk adierazi duenez, albistearen berri prentsaren bidez izan zuten. Koalizioak gaur prentsaurreko batean salatu duenez, aipatu gertaerek, Donostiako indarkeria matxistaren aurkako protokoloak aktibaziorako aurreikusten duen kasuetako bat kontatzen bazuen ere, “udal gobernuak ez zuen urratsik eman”.
Interpretaziorako dagoen joera hau “ez dela berria” adierazi du EH Bilduk, eta uste dutela badela garaia honen inguruan hausnarketa sakon bat irekitzekoa, are gehiago indarkeria matxista gisa definitu den kasu baten ostean. “Iragan maiatzaren 5ean protokoloa aktibatu behar zen eta ez zen aktibatu. Gaiaren inguruan galdegin dugu barne mailan, besteak beste batzordeetan, baina alkateak emandako erantzunek ez dute funtsik”, baloratu du Izar Hernando zinegotziak. Hain zuzen, EH Bilduren arabera, alkateak adierazi du batetik, ez zela sexu erasoa izan eta, bestetik, Ertzaintzak egin zuela kasuaren interbentzioa. Azken hau honela izan bazen ere, EH Bildutik eskatu dute udalak berak egin behar duela bere interbentzio propioa, “bere azpiegiturak eta baliabideak kasuaren zerbitzura jarriaz”.
“Aipagai dugun kasua Donostian gertatu zen eta, beraz, Donostiako Udalak bazuen protokoloa aktibatzeko ardura, eraso matxistaren berri edozein bideetatik izanda ere, biktima den emakumearen osotasun fisikoa arriskuan jarri zuen indarkeria kasua izan baitzen. Ez zen hala gertatu ‘interbentzioa Ertzaintzarena izan zelako’ eta kasua ‘ez zelako sexu erasoa’ omen, batzordeetan entzundakoa lerro hauetara ekarriaz”, erantsi du zinegotziak.
EH Bilduk adierazi duenez, ulertzen dute protokoloa “tresna hutsa dela, inola ere ez helburua”. Bereziki, erasoa jaso duen pertsonari eskura izan ditzakeen udal edo bestelako zerbitzuen berri eman eta akonpainamendu lana egiteko jarraibideak ematen ditu, eta unera egokien egokitzeko malgutasuna ematen du. EH Bilduren aburuz, edozein eraso matxistaren biktimari arreta eskaintzen zaiola ziurtatzea “lehenetsi beharreko helburua da eta erakundearen erantzun integrala egituratu behar du”.
Horrela bada, azaldu dute “kezkaz” ikusten dutela Altzako kasuarekin gertatutakoa “ez dela lehen aldia izan” eta honek ondorioztatzera daramatzala “konpromiso irmorik ez dagoela, kontsentsu solido bat ez dagoela protokoloaren beraren gainean, edo ez dela lehentasunezko auzia Berdintasun sailean”. “Kasuen eta protokoloaren interpretazioetan erraztasunez galtzen direla uste dugu aktibatu edo ez erabakitzeko garaian, baita teknikariek aktibatzea beharrezkoa ikusten duten kasuetan ere”, salatu dute.
Amaitzeko, gogorarazi dute iragan martxoan kontrol mozioa aurkeztu zutela protokoloaren ez betetzearen inguruko mailaz galdegin, eta udal gobernuari bete dezala eskatzeko, baina ez zen aurrera atera. Biharko osoko bilkuran ere berriro jarriko dute gaia mahaia gainean udal erakundeek halakoetan eman behar duten erantzuna hobetzeko ahaleginean.