Realak azala berritu du
Datorren denboraldiko kamiseta aurkeztu du Realak. “Europan bosgarrenez jarraian jokatzeko jantziko dugun kamiseta txuri-urdina lehen taldeak Tokion estreinatu duen une berean kaleratu da”, iragarri du klubak. Hain zuzen ere, Realak Tokio Verdyren kontrako lagunartekoa jokatu du gaur, eta irabazi egin dute (0-2). Urko Gonzalez de Zaratek eta Arsen Zakharyanek egin dituzte golak.
Talde txuri-urdinak bideo baten bidez aurkeztu du lehen ekipamendua. “Gure sustraiei esker gara garena”, dio bideo horretan Mikel Oiarzabal kapitainak. “2024-25 denboraldirako lehen ekipamenduak XX. mendearen lehen erdiko kamiseten omenez atera dira; izan ere, retro estilo argia du, zerrenda urdin zabal eta polo erako eta vintage itxurako lepo nabarmenekin eta garai hartako uniformeak gogora ekartzen dituzten lokarriekin”, azaldu du Realak.
Lehen ekipamenduak hainbat berrikuntza dituela dio klubak: “Gure nortasuna errespetatuta, kamisetak soluzio grafiko berritzaileak eskaintzen ditu. Alde batetik, marra urdinak nabarmentzen dira, iazkoak baino zabalagoak baitira, bai eta polo motako lepoa eta ezkutu brodatua ere. Atzealdean ikurrina, nola ez. Ekipamendua osatzeko, berriz, praka motz zuriak eta zerrenda horizontal urdin eta zuriak dituen galtzerdiak”.
Slim Fit kamisetak batez ere Eco Softlockez eginda daude, eta bizkarrean Eco Micromesh panel bat izango dute, Eco Meshezko zatiak txertatuta, gutxi pisatzeko eta erabat transpiragarriak izateko. Home ekipamendu berria Eco Fabricez eginda dago. Plastiko birziklatutik eratorritako eta Global Recycled Standarden arabera ziurtatutako poliesterrezko materiala da. Macronek eta Realak jasangarritasunarekin eta ingurumenarekin duten konpromisoaren berrespena.