Doako autobusa jarriko dute Donostian igandean Aizkorri-Aratz natura parkearen egunera joateko

Aizkorri-Aratzeko natura parkearen eguna ospatuko da ekainaren 2an Garagartzan, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak doako autobusa jarriko du Donostiatik bertara joateko. Izan ere, Aizkorri-Aratzeko natura parkearen garrantzia aitortzeko, eta gipuzkoarrei hango landaretzak, faunak, abeltzaintza jarduerak eta aisia aukerek egiten dieten ekarpena erakusteko, Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdea departamentuko Mendietako eta Natura Inguruneko zuzendaritza nagusiak, lehenbizikoz, Aizkorri-Aratzeko natura-parkearen eguna antolatu du. Horretarako, Zegamako Udalaren eta Gipuzkoako eta Arabako Partzuergoaren lankidetza izan du, baita Etorlur sozietate publikoarena ere.
Aizkorri-Aratzeko natura parkea, Gipuzkoako handiena, probintziaren hego-sartaldean dago, eta 159 kilometro koadroko azalera du. 2006an izendatu zen. Antolatzaileek azaldu dutenez, igandeko asmoa ez da natura parkera jende andana eraman eta hiritar kutsuko ekitaldia antolatzea; natura parkeko ondarea ezagutzera ematea eta hartaz gozatzeko era asko daudela iradokitzea baizik.
Taldean (Gipuzkoako Parketxe Sareko ingurumen hezitzaile baten gidaritzapean) bertaratu nahi duten parte hartzaileak Otsaurten elkartuko dira eta joateko ordu eta erdiko bidea egingo dute oinez. Horrenbestez, adierazi dute komeni dela mendian ibiltzen ohituta egotea eta ura nahiz oinetako aproposak eramatea. Halaber, ohartarazi dute ume txikiekin joan nahi dutenentzat ez dela bereziki egokia (10 urtetik gorakoentzat). Bestalde, ezingo da txakurrik eraman.
Garagartzara ailegatutakoan han izango den artaldea bertatik bertara ikusteko eta sentitzeko parada izango dute, eta aditu batek natura parkean betetzen duen eginkizuna azalduko die, baita nola zaintzen eta ustiatzen den ere. Ondoren, basozain batek Basabizin, Aldundiak Gipuzkoako basa fauna berreskuratzeko Urnietan duen zentroan, artatutako eta sendatutako hegazti bat askatuko du. Aurretik, basozainak Basabiziren funtzionamenduaz eta askatuko den hegaztiaren nondik norakoari buruzko argitasunak emango ditu.
Segidan, palankarien erakustaldia izango da. Burdinazko barra bat ahalik eta urrutiena jaurtitzean datzan jokoa, behinola Euskal Herrian oso zabaldua zegoen kirola da, artzainek asko atsegin zutena. Horren lekuko, Zegamako mendietan bada oraindik Palankaleku izeneko tokia.
Hori bukatutakoan musikaren txanda izango da. Hain zuzen, Et Incarnatus taldeak Joan etorriko habanerak emanaldia eskainiko du Migel Zeberioren zuzendaritzapean.
Azkenik, saioa burutzeko, gazta dastaketa eta salmenta izango da. Edalontzia norberak eraman beharko du etxetik. Ondoren, parte-hartzaileak etorritako bide beretik oinez itzuliko dira abiapuntura ingurumen hezitzailearen eskutik.
Autobusa Donostiatik
Egun horretan ezingo da baimenik gabe Garagartzara autoz gerturatu. Beraz, zerbitzu hori erabili nahi dutenentzat, autobusa 08:00etan aterako da Donostiatik, Ibaetatik (EHUko Psikologia falkutatearen aurreko geltokitik), hain zuzen; 8:30ean Tolosan (Rondilla kaleko 34 zennbakiko geltokian, musika eskolaren aurrean) geldialdia egingo du. 17:00ak inguruan iritsiko da autobusa Donostiara.