Donostiako bi gazte Rotterdameko Urban Future forora joango dira, hiria eraldatzeko ideia jasangarriak aurkeztera
Asier Amilibia eta Leticia da Veiga gazte donostiarrek ekainaren 4tik 7ra Rotterdamen egingo den Urban Future foroko Young Leaders programan parte hartuko dute. Europan hiri jasangarriei buruz egiten den topaketarik handienak hiriak nola hobetu daitezkeen du aztergai, eta Europa osotik etorritako eta egunen batean etorkizuneko liderrak izango diren gazteen proposamenak entzuteko programa berezia du.
Young Leaders San Sebastian programa udalak sustatzen du Donostia Sustapenaren bitartez, eta Donostia eraldatzeko azterketa eta ideia berritzaile eta jasangarriak planteatzen dituzten gazte donostiar talentudunak identifikatzea du helburu.
Hautaketa deialdi publiko baten bidez egin da. Deialdian, hautagaiek erronkaren edo arazoren bat identifikatu behar zuten, eta eragin positiboa izan dezaketen eta herritarren ongizatea hobe dezaketen alternatibak eta irtenbideak proposatu behar zituzten. Parte hartzaileek baldintza hauek bete behar zituzten: 30 urtetik behera izatea; unibertsitate ikasketak edo lanbide heziketako goi ikasketak eginak izatea edo egiten aritzea; eta gizarte kohesioarekin, enpleguarekin, etxebizitza eskuratzearekin, digitalizazioarekin edo jasangarritasunarekin lotutako erronkak jorratzea.
Aurtengo hautatuak
Asier Amilibiak 25 urte ditu, Turismoan graduatua da eta Berrikuntzako eta Turismoko masterra du. Gaur egun, Gizarte Zientzietako doktoretza bat egiten ari da, Hiri Adimendunaren ikerketan espezializatua. Data2Smart izeneko proposamenarekin, Big Data eta Businees Intelligence erabiliz hiri baten datu zehatzak aztertuko dituen tresna bat sortzea proposatu du, informazioa grafiko bistaragarri bihurtzeko eta informazio hori ulertzea eta erabakien hartzea errazteko eta herritarren bizi kalitatea hobetzeko.
Leticia Da Veigak 18 urte ditu eta Administrazioko eta Finantzetako goi gradu bat ikasten ari da NBA modalitatean (Nazaret). Bere proposamenean digitalizazioa eta jasangarritasuna batera lantzen ditu, teknologia digitalak erabiliz erabilera arrunteko objektu eta tresna fisikoak euskarri digital bihurtzeko, eta, materialen kontsumoari eta fabrikazioari lotutako inpaktuak saihestuz ingurunea jasangarriagoa izateko.
Donostia Sustapenak hautatutako bi gazteak Urban Future kongresura joango dira, eta Europako beste gazte batzuekin esperientziak trukatzeko eta prestakuntza jardueretan, eztabaida foroetan, tailerretan eta networking saioetan parte hartzeko aukera izango dute.