Guardetxea auzoarentzako izan dadila aldarrikatu dute udalbatzarrean
Maiatzeko udalbatzarrean izan dira Alde Zaharreko Gazte Asanbladako kideak. Guardetxea auzoarentzat izan dadila eskatu diete udal talde guztiei. Horrekin batera, ohar bat plazaratu dute gaurko ekintzaren nondik norakoak azaltzeko.
“Bost urte hutsik daraman Guardetxeak auzoarentzat, eta bereziki auzoko gazteontzat izan behar du! Ez dugulako beste museo, arte edota erakusketetarako galeria bat irekitzerik nahi”, adierazi dute gazteek. Parte Zaharreko eraikinak hiriko gazteek dituzten behar ugari asebeteko lituzkeela gaineratu dute.
Maiatzaren 10ean Guardetxea sinbolikoki okupatu zuten, “adjudikazio baldintzak adosteko prest” daudela adieraziz, eta Donostiako Udal Gobernuari bilera bat eskatzeko. “Eneko Goiaren erantzuna, ordea, argia izan zen. Bilera eskaerari erantzun ez eta Guardetxea desalojatu zuten”, salatu dute. AZGAk dio auzoak Guardetxea behar duela, eta udal gobernua haiekin biltzen ez bada mobilizazioekin jarraituko dutela nabarmendu dute.
Horrez gain, Parte Zaharreko espazio publikoaren pribatizazioa salatzeko, Plaza Berria hartu zuen AZGAk egun osoan zehar pasa den larunbatean, askotariko jarduerak eginez. Jarraian, larunbateko argazki bilduma ikus dezakezue: