Nahia Zudaire eta Iñigo Llopis, izarren pare
Basque Team fundazioak ekoiztutako BAT To Paris dokumentalen serieak Nahia Zudaire eta Iñigo Llopis igerilariak nabarmenduko ditu Izarren pare atalean. Bi kirolariek izan duten bilakaera izango du hizpide. Igandean emango du ETB1eko Helmuga saioan (11:30).
Parisko Paralinpiar Jokoak bereziak izango dira Llopisentzat eta Zudairerentzat. Biak lehiatu ziren Tokioko hitzordu paralinpikoan, baina senideen eta lagunen berotasunik gabe. Llopisek Rion ere parte hartu zuen. Orain, horrelako ekitaldi batera itzuliko dira, eta bilakaera handia izan dute maila pertsonalean eta, batez ere, kirol mailan. Igeriketa banakako kirola den arren, egunez egun talde sendoa izateko laguntzen diote elkarri eta hori gero errendimenduan nabaritzen da.
Zudaire eta Llopis nazioarteko igeriketako erreferenteen artean daude une honetan, kirol honetako izar nagusien artean. Japoniako txapelketa handian erakutsi zuten, baita 2022an Madeirako Munduko Txapelketan eta, batez ere, 2023an Manchesterrekoan ere, lortutako hainbat dominarekin. Azken Munduko txapelketan Llopisek urrea irabazi zuen bizkar erako 100 metrokoan, gainera.
Hilabeteak dira biek Jokoetarako txartela poltsikoan dutela eta horrek lasaitasuna eman die uda honetako Frantziako proba handia mimoz prestatu ahal izateko. Llopisek eta Zudairek podiumera igotzea dute helburu hurrengo Joko Paralinpikoetan.