Tabakalerak hiru kolektiboren proposamenak eskainiko ditu partekatutako zinema pantailan
Tabakaleratik aurreratu dutenez, UNIK, EHUko ‘Gazteak zinean’ zikloko ikasleak eta Harrotu ileak taldeko kideek hiru saio kolektibo programatuko dituzte ekainean 6an, 13an, eta 29an.
Tabakalerako antolatzaileek azaldu dutenez, pantaila partekatua “are partekatuagoa” egin nahi dute herritarren partaidetzarekin. Lehenengo saioa ekainaren 6an izango dute eta UNIK taldeak programatu du. Ezinegon psikosozialaren bizipenaren, eta politizazioaren inguruko topagune irekia dute Mireia Montane zine programatzailearen laguntzaz.
Ekainaren 13an, berriz, EHUko ikasleen txanda izango da. Gazteak zineman zikloaren baitan saio “oso berezia” prestatu dute. Barabandaranga Bandak bere musikarekin lagunduko du Alice Guyren ‘Les résultats du féminisme’ film laburrarekin hasiko duten emanaldia.
Azkenik, ekainaren 29an egingo dute hirugarren saioa, ikasturtean zehar Harrotu ileak taldeko kide diren gazte migratzaileek sortutako filma eskainiko dute. Maite Alonso eta Unai Ruiz Zine-Lab zinema analogikoko laborategi irekiko kideen laguntzarekin egindako film laburra dela aurreratu dute antolatzaileek: “Ostiraleko ametsak du izenburu, eta abiapuntua migratzaileek beren jatorrizko herrialdetik herrialde berrira egiten duten bidaia da”, azaldu dute.