Abestietan dago beraien egia
SEGUNDO PREMIO
Zuzendaria: Isaki Lacuesta eta Pol Rodriguez.
Urtea: 2023.
Herrialdea: Espainia.
Emaitza batekoa zein bestekoa izan, arriskatzen duten proiektuek beti izango dute zerbait berezia. Konpromiso artistikoaren defentsan, arauak hautsi eta zerbait berria sortuz eragiteko ahalmena dutenek —izan maila pertsonalean, sozialean zein kulturalean— merezi dute errekonozimendua. Isaki Lacuesta eta Pol Rodriguezi 2024ko Malagako Zinema Jaialdian iritsi zitzaien aitortza, ekitaldiko zuzendari onenak izendatu baitzituen epaimahaiak. Ez hori soilik, elkarlanean ondutako Segundo Premio filmak Urrezko Biznaga ere lortu zuen.
90eko hamarkadako musika panorama espainiarra irauli zuen Los Planetas talde granadarra ardatz duen lanak nagitasuna sor dezake. Beharbada, gurean ez ditugu horren ezagun, eta pentsa dezakegu hirukotearen historia ez zaigula erakargarria egingo; ezaxolakeriak har gaitzake. Baina egin kasu (edo ez, zuek ikusi), aurreiritziak apurtzera dator indie musika talde arrakastatsuaren nondik norakoez gaindi eraikitako obra inspiratzaile hau.
Fernando Navarro idazlearen sinadura dakar Segundo Premio-k. Hasiera batean, Jonas Truebak zuzendu behar zuen, baina honek Lacuestaren begirada gizatiarraren esku utzi zuen eginkizuna; azkenerako, zinemagile kataluniarrak Rodriguez izan du bidelagun. Navarrorekin batera jatorrizko gidoia berridatzi eta honen sorterriari egindako omenaldi sentikorra bilakatu dute pelikula. Ez da nolanahikoa Granadak filmean duen garrantzia eta presentzia. Los Planetas taldearen habia ere izanik, musikarion bidez zeharkatuko ditugu kaleak, aldiriak, tabernak, mendiak… beren identitatearen parte baitira ezinbestean, etengabe aipatuko den Federico Garcia Lorcarenak izan ziren bezala.
Mai baxu-jotzaileak taldea utziko duela iragartzen duenean ekingo dio istorioak, eta haren agurrarekin batera murgilduko gara mamuz eta banpiroz betetako historia posible guztietan. Una semana en el motor de un autobús hirugarren diskoaren sorkuntza prozesu bete-betean dabiltza, baina hau aitzakia bilakatuko da auzi unibertsalez eta giza kontraesanez hausnartzeko: adiskidetasuna, maitasuna eta desamodioa, drogak eta adikzioak, botere nahia, talde dinamikak…
Azken urteotan ezagutu ditugun biopic anglosaxoien —Bohemian Rhapsody (Bryan Singer, 2018), Rocketman (Dexter Fletcher, 2019), Elvis (Baz Luhrman, 2022), Back to Black (Sam Taylor-Johnson, 2024)— kodeetatik urrun, oso urrun, Segundo Premio-k hasiera hasieratik utziko du argi mitoaren kontaketaren baitan eraikita dagoela, eta ez dela Los Planetasen ibilbideari buruzko pelikula soila. Komunikatzeko, mundura irekitzeko eta amets egiteko beharrizanetik jaio da filma, egiten dugun horri diogun maitasunetik. Bada, klasizismoaren zamatik askatuko da Lacuestaren eta Rodriguezen narratiba, eta beldurrik gabe esploratuko dituzte orotariko erregistroak, eta gertuago sentituko ditu I’m Not There (Todd Haynes, 2007) edo Leto (Kirill Serebrennikov, 2018) gisako proposamen hipnotiko, fantastiko eta iradokitzaileak: zientzia fikzioa dirudi batzuetan, drama erromantiko bat besteetan, musika ez da sekula faltatuko, noski. Ezeren gainetik, baina, arteari eta bere adierazpide moduei gorazarre egingo dien obra askea da Segundo Premio.