Artea eta euskara, integraziorako giltzarri
Diana Vasina Slavutitxkoa da eta duela bost urte iritsi zen Donostiara. «Ukrainarra bezain errusiarra» sentitzen den artistak esperimentaziora jo du azken urteotan, eta euskara ikasi du, Donostiako «gizartea ulertzeko». Saihestu ezin duen ikuspegi artistikotik, aldaketa nolakoa izan den kontatu digu, egokitzapenak bere lana ere «aberastu» baitu.
Diana Vasinak seigarren pisuko etxebizitza batean egongelan hartu gaitu, bere etxeko espazio hori bilakatu baitu estudio. Artistak Groseko teilatuak ortzi mugan dituela egiten du lan, artelanez inguratuta: «Guztiak ez dira nireak, denetatik dut».
Garai, estilo eta teknika askotariko lanak itsasten ditu paretan, begirada artistikoa hezteko asmotan: «Parisko galerietara etengabe joaten ez bazara, maila galtzeko arriskua duzu, edozein gauza ontzat ematen delako denborarekin».
Artista handien artelanek ez ezik, bere ikasleen sorkuntza arrotzek elikatzen dute Vasinaren begirada. Lugaritz eta Okendo kultur etxeetan ematen ditu haur zein helduentzako eskolak: «Ikasleek gauzak probatzeko joera dute eta ni horrekin mantentzen naiz bizirik, akatsak izan arren, batzuetan oso efektu politak sortzen direlako».
Esperimentaziorako joera ere bere egin du Vasinak azken urteotan, pintura monumentala egitetik, lan txikiagoen sorkuntzara pasatu baita: «Lehen, denbora librea baliatzen nuen nire burua adierazteko, baina ikusi dut badudala zerbait esateko, eta arriskatu egin naiz».
Garapenean eta mugimendua erdigunean, Vasinak «gizakiaren eboluzioa» eta «oreka» helaraztea bilatzen du bere artelanetan: «Forma garrantzitsua da, noski, baina egun, nire artelanen mezua indartzen dut».
Artistarentzako, artelanen estetikaren gainetik «irakurtzen» jakin behar da: «Arteak gauza betierekoez hitz egin behar du, transmititu, eta estetika hutsa baino sakonagoa izan behar du».
Egun, Gipuzkoako Artisten Elkartean sortutako margolanetan eta serigrafian islatzen du sakontasun hori. Hilabeteko lehen igandean Bulebarrean edo Gipuzkoa plazan egiten den azokan jartzen ditu erakusgai eta salgai, baita Central Art Gallery galerian ere.
Zirriborroak eskola
1991n, Slavutitx hirian jaioa (Ukraina), marrazketarako grina txikitatik datorkio Vasinari: «Gurasoen etxeko liburuak irekitzerakoan, hor daude nire marrazki guztiak. Orri bat pasatu eta margotuta topatzen duzu, hurrengo orria pasatu eta margotuta, berriz ere», dio, barre artean. Liburuetako orrialdeak ez ezik, paretak ere mihise gisa baliatu zituela onartu du Vasinak: «Gurasoei urte zailak eman nizkiela uste dut».
Grina ogibide bilakatu zen denborarekin, eta erdibideko pausoetan topatu zuen bere benetako pasioa. «Musikan eta pinturan oso ondo moldatzen nintzen, baina adin batetik aurrera, horietako bat aukeratu behar nuen eta amak lagundu ninduen urratsa egiten». 15 urterekin, bere herri txikia utzi eta diseinua ikasteko asmotan hiri handiago batera lekualdatu zen. Ikasketa horietan, ordea, diseinuren mundutik urrun ikusi zuen bere bidea, eta hala, Arte Ederren ikasketak hasi zituen unibertsitatean, eta pintura monumentalean espezializatuta: «Hasieran sekulako pozarekin hasi nintzen, oso gutxi hautatzen gintuztelako eta artearen mundua oso polita zelako, baina geroago konturatu nintzen horren guztiaren atzean, drama, lehiakortasun handia eta ezkutuko gauza ugari zeudela».
Artearen aldeko apustua
Oroitzapen eta oroitzapen artean, bere gurasoek egindako apustu irmoa nabarmendu du artistak, ez baita ohikoa haurren ibilbide artistikoa hauspotzea: «Gurasoek mundu artistikoa denbora-pasa gisa ikusten dute, baina etorkizunean gauza serioak egitea nahi dute».
Are gehiago, «pintorea izatea ogibide bat ez dela» baieztatzen duten ahotsei erantzunda, artearen bitartez oso soldata duinak jaso daitezkeela defendatu du Vasinak: «Unibertsitatean izan nituen ikaskide guztiek lana dute egun, eta horietako asko medikuek baino soldata altuagoekin, bideojokoetako marrazkilariak baitira».
Onartu du, ordea, babak eltzetik ateratzen ikasi behar dela lehenago edo beranduago: «Artistok asko bidaiatu behar dugu eta, batez ere, gazteak garenean, oraindik mundua ikusteko dugunean».
Sabaiak mihise
Vasinak 18 urterekin bidaiatu zuen Italiara aurrenekoz, eta geroztik ez dira gutxi izan atzerrian egindako egonaldiak: «Italian,jauregi handietako sabaietan margotzeko aukera izan dut». Finlandia iritsi zen ondoren, pintura monumentalak jauregi eta etxeetako sabaiak pintatzeko aukera eman baitio: «Oso desberdina izan zen esperientzia hura, Italian ez bezala, han ez dutelako artearen historia luzerik, baina horregatik miresten dute hainbeste eskuekin egindako gauza oro».
Hiru egile ditu, bere hitzetan, pintura monumentalak: «Batetik, margolaria dago; bestetik, bezeroa duzu; eta, azkenik, espazioa. Ez da gauza bera eliza bat edo etxe bat pintatzea, arkitekturak ere baldintzatu egiten zaituelako eta ez duzulako askatasun bera».
Gros bizitoki
Herrialde batetik bestera egindako ibilbide batean etorri zen Donostiara duela bost urte, eta COVID-19ak bilakatu zuen bere bizitoki finko: «Donostian bizita ere, batera edo bestera ibiltzen nintzen bidaiatzen, baina berrogeialdiaren ostean, bidaia guztiak amaitu zitzaizkidala ikusita, lan bila hasi behar izan nintzen hemen».
Lana ahoz aho eta borroka handiaren ostean topatu duela dio Vasinak. Bide horretan, baina, ordu asko bideratu ditu hemengo gizartera egokitzeko, eta horren adierazle da hiru urteren ostean, euskaraz arin hitz egitea: «Euskara edo ingelesa funtsezkoak zirela esan zidaten, nik euskara aukeratu nuen, eta begira, B1 mailako azterketa egin berri dut!».
Hizkuntzaren poetikotasunak erakarrita, euskaltegian eta hizkuntza eskolan jasotako teoria praktikara eraman du ikasle guztiekin: «Euskarak hemengo gizartea hobeto ezagutzeko aukera eman dit. Pixkanaka, euskarazko telebista ikus dezakezu, euskal abestiez gozatu, hemengo txisteak ulertu, baita arazoak ere, eta gizarte honen parte sentitzen zara».
Grosen finkatuta, auzokideekin harreman paregabea duela dio: «Blokeko bizilagun guztiak ezagutzen ditut eta nire lanen berri dutenean, bisitan etortzen dira azoketara».
Auzoak, halaber, bere lanak erakusgai jartzeko aukera eman dio: «Aurten, Groseko azokara gonbidatu naute eta oso interesgarria izan da auzoko beste artistekin esperientzia partekatzea».
Udan, «bizpahiru hilabetez» kanpora joaten da, kultur etxeetako eskolak eteten direlako, baina beti du etxera bueltatzeko asmoa: «Uda honetan, adibidez, Italian izango naiz, XIX. mendeko Doria palazzo-a margotzen, eta Finlandian ere etxe handi batean proiektu bat dut».
Abstrakziotik harago
Lekualdaketak, baina, bere ogibidea bertako gustu eta interesetara zizelkatu du nabarmen: «Hemengo jendeak gutxiago erosten du, kanpotarrek baino eta nire bezeroak azoketako ingelesak eta frantsesak dira, batik bat». Bertako erosleen artean, laminak saltzen dira nagusiki, eta kolorea bilatzen dute Vasinaren arabera: «Mugimenduak ere arrakasta du, kirola egiten duen jende asko dagoelako eta erosleek propiotzatu duten hori erosi ohi dutelako».
Vasinaren arabera, halaber, Txillidaren eta Oteizaren korronte abstraktua jarraitzen duen oro da erosleen artean gehien estimatzen dena: «Galeria askok abstraktua saltzen dute soilik, eta hori eginez gero, bidea ziurtatuta duzu».
Nolanahi ere, tendentzia eta moda guztien gainetik, erosle bakoitzak gustuko duen hura erosi beharko lukeelakoan dago Vasina: «Polita gelditzen den abstrakziotik harago jo behar dugu, gure estilo propioa bilatzeko eta askotariko artisten ibilbidea bultzatzeko. Arteak zerbait esan behar digu».
Etorkizunera begira, bi xede nagusi ditu: lehena, hackeatu dioten Instagram kontua berreskuratzea: «Tontakeria bat dirudi, baina artisten erakusleiho nagusiena da eta urte hauetako guztietako lan guztiak nituen erakusgai». Bide horretan, tamalez, dena ia galduta duela onartuta, @arte.nira izeneko kontu berria sortu du.
Epe luzera begira, berriz, proiektu anbiziotsua du esku artean: «Pintore guztien antzera, nire tailer-denda propioa izatea gustatuko litzaidake, bertan eskolak eman eta espazio kultural bat sortzeko. Halako espazioek, artistikoki aberasgarriak izateaz gain, komunitatea eta sarea sortu dezaketelako auzoan».
Slavutitx hiria Ukrainako iparraldean dago kokatua, Bielorrusiarekin mugan. Txernobylgo istripua gertatu eta urtebetera eraiki zuten hiria, 1986an, zentral nuklearretik 50 kilometrora, arrisku handieneko eremutik kanpo.
SESBeko agintariek aukeratu zuten bizileku berria pinu baso bateko tren geltoki bakarti baten inguruan zegoen, eta inguruko familia kaltetu guztiei bizitoki berri bat ematea zuen helburu.
Hala, sobietarren eraikuntza baliabideen mobilizazio erraldoi baten ondoren, lehen bizilagunak 1988ko urrian iritsi ziren. Horien artean zegoen Diana Vasinaren familia ere: «Nire aitak bizkarraren hiru laurden erreta ditu, leherketaren ondorengo egunetan erreskate lanetan laguntzen ibili zelako».
Vasinak haurtzaroko oroitzapen politak ditu eta «leku berezi» gisa gogoratzen du bere bizitokia: «Orain, noski, egoera bestelakoa da, baina oso herri polita zen, oso garbia, bizikletaz garraiatzeko egina, bizitza sozial handia zuen eta etxebizitza horiek langileei eman zitzaizkienez, haur pila zeuden inguruan».
Kultura aniztasuna
SESBeko hirigintza teknikari azkarrenak Slavutitxen lan egiteko bildu ziren eta modernitatea izan zen horren emaitza. Ukrainarrak azaldu duenez, halaber, hiria auzotan banatu zuten eta, batasuneko errepublika bakoitza arduratu zen auzo bakoitza eraikitzeaz.
Diseinu berriak sortzeko denboraren faltan, ideia eta materialak errepublika bakoitzeko hiri sobietarretatik mailegatu ziren, askotariko eraikinak sortuta: Tbilisky auzoak balkoietan gurutze georgiar tradizionalak ditu; Yerevansky auzoak tobaz egindako Armeniako etxe arrosak; eta, Azerbaijanen inspiratuta dagoen Bakinsky auzoak Ekialde Hurbileko barbakoa parrilla tradizionalak ditu bere patioetan.
Sobietar Batasuneko bizi kalitate gorena zuen hirietako bat zen, eta hala gogoratzen du Vasinak ere: «15 urterekin hiria utzi behar izan nuenean, ohartu nintzen Ukrainaren benetako egoeraz».