Martuteneko bizilagunek "goitik beherako erantzun" bat eskatu diete erakundeei
Auzotarrek ez dituzte inguruan dituzten migratzaile guztiak "estigmatizatu" nahi. Nolanahi ere, baliabideak eskatu dituzte lapurretak eten, eta auzoan dauden migratzaileen etxebizitzetako beharrei erantzuteko.
Bizilagunik ez zen falta atzo, parkearen plazan, Sarroeta Auzo elkarteak deitutako elkarretaratzean. Martutene osorik bildu zen, azken egunetan auzokide batek bere etxean egindako lapurreta batean pairatu duen indarkeria salatu eta harekiko elkartasuna adierazteko. Lapurreten gorakada betean, “goitik beherako integral” bat bermatuko duten baliabideak eskatu zituzten, auzo elkartetik.
Duela urtebete hasi ziren lapurreten salaketak ugaritzen Matutene auzoan, baina azken asteetan, kopuru horrek nabarmen egin du gora. Sarroeta auzo elkarteak apirilaz geroztik izandako lapurretak izan ditu kontuan, baina azken hamabostaldian “are larriagoak” izan direla baieztatu dute, bizilagunak lo dauden bitartean sartzen baitira euren etxebizitzetan.
Edonola ere, hilaren 22an jazo zen, aurrenekoz, indarkeria erabili baitzuen lapurrak bizilagunaren etxera sartzerakoan: “Jipoitu egin zuten, eskumuturrak lotu, eta bertan utzi, zeuzkan lau sosa eta telefonoa eramateko”. 73 urteko bizilaguna ospitaleratu behar izan zuten, eragindako lesioak zirela eta, baina, egun, egonkor eta etxean dagoela baieztatu dute auzo elkartetik: ” Atseden hartu beharko du denbora luzez, eta ikusiko dugu eta buelta ematen dion”, adierazi zuen Maite Barron Sarroeta auzo elkarteko bozeramaileak.
Lapurreten gorakadak eta azken eraso “bortitz” horrek larritasuna eta ezinegona sortu du auzoan, batik bat,auzoaren erdigunetik at bizi diren bizilagunen artean: “Auzoan izoztuta gelditu gara, eta psikosi puntu bat ere eragin du, bizilagun asko bizi garelako etxe bakartietan, auzoaren erdigunetik urrun”.
Auzo elkartetik gogoratu dute, behin behineko “petatxoak” baino, erakundeen partetik “irtenbide integralak” espero ditzatela: “Orain erantzun poliziala behar genuen, Ertzaintza behar genuen bertan, jendea lasaitzeko eta eraso hauek mozteko, baina badakigu hori ezin dela betirako mantendu”. Auzoan bi eraikin garrantzitsu dituzte: lehena Eusko Jaurlaritzarena da; bigarrena, berriz, Caja Laboral bankuarena. Hala, eraikin horietan dauden beharrak ikusita, “erantzun eta erabilera” bat emateko betebeharra dutela helarazi diete erakundeei eta eraikin horien jabetza dutenei: “Bi foku ditugu guztiz abandonatuta, eta bertan pobrezia handia jasaten ari diren pertsonak daude eta adikzioak dituztenak”.
Nolanahi ere, Martuteneko bizilagunek argi utzi dute ez dute talde guztia “estigmatizatu” askotariko egoerak dituzten migratzaileak bizi baitira horietan: “Behar handiko jendeaz gain, badakigu etxe hauetan etxe horietan, ikastera joaten direnak, auzoko jendearekin harremana dutenak, beraien bizitza berregiten ari direnak daudela, eta ez ditugu guztiak zaku berean sartu nahi”.
Ordu laurdeneko elkarretaratze jendetsua babesten izan ziren, halaber, EH Bilduko eta Elkarrekin Donostia eta PPko udal taldeetako kideak ere.