Mikel Zabalza motibazio politikoko indarkeriaren biktima gisa aitortu du Nafarroako Gobernuak
Nafarroako Gobernuak aurrera egin du biktima guztien errekonozimenduan eta erreparazioan. Iruñeko Baluartek hartu du Txibiteren Gobernuak antolatu duen lehen ekitaldi publikoa eskuin muturreko taldeen edo funtzionario publikoen ekintzek eragindako motibazio politikoko indarkeriaren biktimei errekonozimendua eta erreparazioa aitortzeko. Batzordeak horretarako abian jarritako txosten baten ondoren aitortutako lehen hamabi biktimek parte hartu dute ekitaldi horretan, eta horien artean egon ziren Mikel Zabalzaren senideak.
Ana Ollo presidenteorde eta Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara kontseilariak “funtsezkotzat” jo zuen errekonozimendua eta biktimen erreparazioa etorkizun bekatsu bat ziurtatzeko: “Iraganean kalte eta indarkeria bidegabea eta justifikaezina jasan duzuenentzako errekonozimendu eta erreparazio ekintza bat da hau. Badakigu errekonozimendu hau berandu datorrela eta zuentzat. Eta zauri horiek ixtea zaila bada ere, espero dut ekitaldi honek luze itxarondako errekonozimendu eta konponketa horretan lagunduko duela”.
Ekitaldian, ordezkari politikoez gain, biktimek hartu zuten hitza. Idoia Zabalzak “aurrerapauso handitzat” jo zuen Nafarroako Gobernuaren aitortza, bere hitzetan, erakundeek urte luzez “gutxietsi” egin baitituzte biktimak eta euren familiak: “Epaiketa bat izan genuen, baina ez zen justiziarik egin”. Era berean, deitoratu zuen Biktimen Legeak familiei dokumentu sekretu horiekin ikertu ahal izateko aukera ez ematea.
Mikel Zabalza
Mikel Zabalza orbaizetarra 1985eko azaroaren 26an atxilotu zuen Guardia Zibilak, Altzan bizi zela. Intxaurrondoko kuartelera eraman zuten eta han torturapean hil zuten—bere bikotekide Idoia Aierbe, bere lehengusu Manuel Bizkai, bere anaietako bi, Patxi eta Aitor, eta Ion Arretxe idazlea ere atxilotu zituzten operazio berean— . Haren gorpua Bidasoa ibaiko uretan agertu zen 1985eko abenduaren 15ean, Endarlatsatik gertu (Nafarroa).
2022an Eusko Jaurlaritzak aitortu zuen biktima gisa eta 135.000 euroko kalte ordaina eman zion familiari. Berriki iritsi da Nafarroako Gobernuarena, Nafarroako Torturatuen Sareak abiatutako lanketatik. Ordea, estatuaren aitortza falta da oraindik.