Zaldiko-maldikoak, leku berean biraka
Donostiako marko paregabea deritzon horretan sartzen da Alderdi Eder, eta, ondorioz, baita bertako karrusel ospetsua ere. 1900 urtean jarri zuten lehen aldiz toki horretan, baina ezagunena den arren, ez da hiriko zaldiko-maldiko bakarra; Grosek ere badu-eta berea.
Belle époque garaiko bi zaldiko-maldiko daude Donostian. Alderdi Ederren dago bata, eta Groseko Zuberoa plazatxoan bestea. Hirian jarri zituztenetik hona, karruselek hainbat aldaketa bizi izan dituzte, baina garaiak aldatu diren arren, lortu dute beraien esentzia mantentzea, belaunaldiz belaunaldi.
Carrousel Palace izena du Alderdi Ederren, Kontxako hondartzaren parean, dagoenak. 1900. urtean bertan zegoenaren erreplika da, izan ere, gaur egun dagoena 1998an jarri zuten. Zaldiko-maldikoa bueltaka dabilen bitartean, musika entzuten da, eta umeak hainbat animalia eta objektu itxurako mekanismoen gainean eserita joan ohi dira; besteak beste, zaldiak, autoak, beltxargak, hegazkin txikiak, karrozak eta izurdeak.
Carrousek Palacek bi maila ditu, eta sabaiaren azpian, hainbat margolari ezagunen koadroen erreplikak ikus daitezke, eskuz margotuta: Picasso, Van Gogh, Gauguin, Monet, Cezanne margolarienak, beste hainbaten artean. Karruselaren goialdean, berriz, zalditxo bat du, egitura guztiarekin batera biraka aritzen dena.
100 urte baino gehiago
Zalantzarik gabe, Alderdi Ederrekoa da Donostiako karruselik ezagunena, baina hura baino zaharragoa da Zuberoa plazakoa. 1900 eta 1910 artean eraiki zuten, eta hasiera batean elektrizitaterik ez zuenez, langile batek eskuz birarazi behar izaten zuen.
Hain zuzen ere, 1940an jarri zioten potentzia handiko motorra, eta abiadura horzdun kutxa baten bidez aldatzen zuten. Azkenik, 2008an, erabat zaharberritu zuten teknologia berriekin, eta Donostiarako pertsonalizatu zuten. Horrela, bada, eskuz margotuta dago, eta mendearen hasierako hiriko argazki zaharretatik ateratako ilustrazioak ikus daitezke bertan.