Hasi da hondartza denboraldia eguraldi nahastuarekin
Gaurkoan hasi da hondartza denboraldia, goiz euritsuarekin eta lainorik gabeko eguerdiarekin. Irailaren 30era arte iraungo du denboraldiak eta txakurrek ezingo dute irailaren 30era arte hondartzaz gozatu. Halaber, martxan daude udalak ezartzen dituen segurtasun, garbiketa eta osasun baliabideak, baina zerbitzu gehienak gaur hasi diren arren, ekainaren 15era arte itxoin beharko dute hondartza zaleek karpak eta aulkiak erabiltzeko.
Eguraldi kaxkarrarekin hasi dute donostiarrek gaurko eguna; izan ere, goizean euria egin du eta hodeitsua esnatu da egun. Eguerdi aldera, lainoak joan egin dira eta atertu egin du, aukera emanez hiritarrei hondartzara gerturatzeko.
Iazko protokoloak mantenduko dira aurten marmokei eta karabela portugesei dagokionez; izan ere, pasa den astean, Carlos Garcia Donostiako Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zinegotziak azaldu zuenez, FCC enpresaren ontzia erabiliko dute badian sartzen diren animaliak uretan jasotzeko. Halaber, udalak nabarmendu zuen “sorosleek ziztadak artatzekotan bandera zurria” jarriko dutela.
Beste aldetik, ekainaren lehen astean gabarroiak jarriko dituzte, 23 langilek osatuko dute garbiketa taldea eta lagundutako bainu zerbitzuari dagokionez, berriz, ohi bezala, ekainaren 15etik irailaren 15era egongo da erabilgarri.