20.000 plaza eskainiko ditu Kirol Ekintzak, eta zabalik dago ikastaroetan izena emateko epea
Donostia Kirolak antolatzen duen 2024-2025 Kirol Ekintzak kanpainak 20.000 plaza baino gehiago eskainiko ditu, udal kirol instalazio guztietan antolatu diren 1.500 ikastaroetan banatuta. Zozketa bidez esleituko dira Bentaberri, Bidebieta, Etxadi, Intxaurrondo, Paco Yoldi, Egia, Altza eta Belodromoko jardueretarako eskuragarri dauden plazak. Horretarako, interesdunek aurreinskripzioa egin beharko dute, ekainaren 5etik 14ra, Donostiakirola.eus webgunearen bidez.
Adin guztientzako eskaintza duten 80 kirol modalitate baino gehiago aukera daitezke, igerilekuan (igeriketa, uretako mantentze-gimnasia, bizkarreko terapia…), aretoan (ziklo-indoor, pilates, GAP, TRX, Cross Training, gimnasia, 65 plus, judoa, hipopresiboak…), pistetan (tenisa eta padel-a), eta aire zabalean (running, surf.). Berritasun gisa, ikastaroek ohi baino iraupen luzeagoa izango dute, iraileko azken astetik ekainaren erdialdera arte.
Aipaturiko kiroldegietan jarduera horiek egin ahal izateko zozketa ekainaren 19an egingo da. Gainerako udal kirol instalazioetarako (Zuhaizti, Manteo, Mons, Pio Baroja, Tenis Ondarreta, Casanao eta Arte Martzialen Aretoa), interesa duten pertsonak klub kudeatzailearekin harremanetan jarri beharko dira, jarduera bakoitzean antolatzen diren izena emateko prozesua kontsultatzeko.
Kirol Ekintzak Aukeran
Ikastaroen ohiko eskaintza horrez gain, Donostia Kirolak Kirol Ekintzak Aukeran zerbitzua mantentzen du. Sistema malgua da, eta bertan, pertsona bakoitzak bere kirol-jarduera planifikatu dezake, instalazioa eta jarduera hautatuta, bai eta egin nahi den saio bakoitzaren eguna eta ordua ere. Hileko kuota bat aukera daiteke, edo astero eguneratzen den programazio zabaleko saio solteak erreserbatu.