Erdian Bizi auzo elkarteak salatu du udalak «utzikeriaz» jokatzen duela disuasio aparkalekuekin
Erdialdeko Erdian Bizi auzo elkarteak “ulertezintzat” jo du Donostiako Udalak “disuasio aparkalekuak sortzeko inbertsiorik ez egitea erabaki izana”: “Zoritxarrez, esanguratsua da hurrengo bosturtekorako Mugikortasun Jasangarriko Planari esleitutako aurrekontu osotik (93 milioi euro) disuasio aparkalekuei 100.000 euro besterik ez esleitzea, zehazki, ‘kudeaketa eta informazio sistema abian jartzeko'”.
Izan ere, auzo elkartearen ustez, “hirian zirkulazioaren saturazioa saihestu eta zirkulazioa hirigintzaren errealitatera egokitu nahi bada, kaltegarria da Erdialdean errotaziozko aparkaleku gehiago eraikitzea, San Bartolome muinoaren iparraldeko hegalaren zorupean egin nahi dena moduan”.
Horregatik, Illunben, Igaran, Miramonen eta Zuatzun, besteak beste, doako disuasio aparkalekuak eraikitzearen alde egin du Erdian Bizik: “Ondo seinaleztatuta eta hiriko puntu neuralgikoekin debaldeko ibilgailuen bidez konektatuta. Hori egiteko borondatea baldin badago, bizpahiru urteko epean burutu daiteke. Berez, inbertsio egingarria da eta Europako funtsen laguntza izan dezake, Gipuzkoako Foru Aldundiaren kolaborazioarekin batera”.