Joxe Austin Arrieta eta Mikel Lasa donostiarrak ohorezko euskaltzain izendatu dituzte
Euskaltzaindiak maiatzeko osoko bilkura egin zuen ostiralean Baionako Herriko Etxean, eta ohorezko 21 euskaltzain eta bederatzi urgazle izendatu zituen. Ohorezkoen artean, hain zuzen ere, bi donostiar daude: Joxe Austin Arrieta Ugartetxea (Donostia, 1949) eta Mikel Lasa Alegria (Donostia, 1938). Halaber, Jon Casenave baionarra euskaltzain oso izateko hautagai aurkeztu zuten osoko bilkuran.
Arrieta idazlea da, eta narrazioa, poesia, itzulpengintza eta saiakera jorratu ditu bere ibilbide luzean. Bestalde, Filosofia eta Letretan lizentziatua da, Filologia Erromanikoan, eta euskara irakasle lanetan aritu da hainbat urtez. Halaber, euskalgintzan, UZEIrekin eta UEUrekin lan hainbat egin ditu, eta Kutxako itzultzailea izan zen 1982an erretiroa hartu zuen arte. Politikagintzan ere aritu izan da Arrieta, Herri Batasunaren Mahai Nazionaleko partaidea eta Donostiako Udaleko zinegotzia izan baitzen. 1996tik zen euskaltzain urgazle.
Lasari dagokionez, Filosofia eta Teologiako ikasketak egin ondoren, Ekonomiako eta Informatikako ikasketak egin zituen, eta euskaltzain urgazlea zen orain arte. Olerkigintzan eta itzulpengintzan bereziki nabarmendu den idazlea da, euskal olerkigintzari berrikuntza nabarmena ekarri ziona, 1970eko hamarkadan, Europako joerak jarraituz, poesia intelektualagoa egiten hasi baitzen. Halaber, nazioarteko poeta handi hainbaten lanak euskarara itzuli ditu.