Kapela dotoreak erakutsi dituzte bigarrenez
Kapelaren ibilbidea, Miramar jauregian. Oier Aso Mota guztietako kapelak jantzi, eta jende andana batu zen atzo kapelaren ibilbidean. San Martin auzo elkarteko kideek antolatuta, egunari 09:00etan eman zioten hasiera, Nobu hoteleko gosariarekin. Ondoren, 09:30ean diana egin zuten, eta joaldunen soinuarekin esnatu zituzten auzoko kaleak. 10:30ean harrera izango zuten Miramar jauregian, Donostiako Lindy Hop taldearekin, eta catering txiki bat ere izan zuten. 11:30ean, Espainiako Kapelagileen Elkarteko presidente ohia den Charo Iglesias omendu zuten, eta 12:00etan hasi zuten ibilbidea Kontxatik.
Eguerditik aurrera, mokadu bat hartzeko aukera izan zuten parte-hartzaileek San Martin auzoko tabernetan. Arratsaldean berriz, musika izan zen festaren erdigune. 14:00etatik aurrera, Alex del Toro DJ-ak Manterola kalea girotu zuen, eta 17:00etan Radio Rebelde taldeaz gozatzeko aukera izan zuten Erdialdeko Lobo tabernara gerturatu zirenek.
Bestalde, aurtengo IRUTXULOKO HITZAko euskal nortasunaren adierazlerik onenaren saria Aitziber Otegik eta Arritxu Zurbanok irabazi zuten, argazkian ikus daitekeenez.
New Yorken duela 100 baino gehiago hasi ziren Kapelaren ibilbidea egiten, Pazko asteko igandean. Duela hogei urte inguru Bartzelonara eraman zuten Espainiako kapelgintzaren elkarteko Nina Pawlowsky eta Cristina de Pradaren eskutik, eta iaz Donostiara iritsi zen, “luzarorako”, San Martin auzo elkarteko kideen esanetan. Hemen irakur dezakezue lehen kapelaren ibilbidearen harira IRUTXULOKO HITZAk antolatzaileekin egindako erreportajea.



