Sarroeta auzo elkarteak hainbat bizilagunen erasoak salatu ditu
Adierazi dutenez, auzoko dozena bizilagunek Whatsapp talde batetik auzo elkarteko jarduna oztopatzen saiatu dira.
Martuteneko auzoan jazotako lapurretek ika-mika handia eragin dute bizilagunen artean, erasoen prebentzioa eta horien esku hartzea bideratzeko iritzi erabat desberdinak baitituzte. Sarroeta auzo elkarteak zazpi hilabete daramatza konponbideak eskatzen eta erakundeekin lanean, auzoaren arazoei erantzuna eman eta epe luzerako “goitik beherako erantzunak” eskatzeko. Nolanahi ere, bizilagun talde baten eskutik Whatsapp bidezko erasoak jasan dituztela salatu dute.
Ohar bidez azaldu dutenez, ez dute onartuko dozena bat lagunek “auzoari eta auzo elkartea egiten ari den lan guztiari min egin nahi izatea, eta are gutxiago interes pertsonal eta politikoekin”. Gaineratu dutenez, auzoan duten Whatsapp taldean ez dute onartuko iruzkin arrazistarik, xenofoborik edo gorrotoa bultzatzen duten mezurik, eta halakoak jasoz gero taldetik aterako dute.
Pasa den ostegunean egindako elkarretaratzean, ehunka lagun bildu ziren, baina izan ziren auzo elkartearen jardunaren aurka agertu zirenak ere. Horietako batek, elkarretaratzeren jarduna eten, eta bestelako mezuak helarazi nahi izan zituen. Bada, orain, Sarroeta auzo elkartea osatzen duten zazpi taldeek bazkide horri diziplina-zehapena ezarriko diete, “eraindako pertsonei eta bertaratutakoei errespetua galtzeagatik eta zuzendaritza batzordeko zazpi taldeek adostutako isiltasuna hausteagatik.
Auzo elkarteak, bestalde, “kolektibo edo arraza bat kriminalizatu gabe” lanean jaraituko duela adierazi du, gizarte politiketak eta prebentzioan oinarritzen diren goitik beherako konponbideak eskatzen, epe luzera iraunkorra izan dadin esku hartzea. Gauzak horrela, Martutene auzoa izeneko Whatsapp kanala irekko dute “auzoko bizilagun guztiek idatzi, adierazi eta partekatu ahal izateko [mezuak]”.