Tradizioari lotutako 50 urte
Groseko Ricardo tabernak 50 urte beteko ditu ekainean, eta bere ibilbidea errepasatu du Iñigo Marinek, tabernako jabeak. Bihar egingo duten ospakizunaz ere mintzo da.
Behin egiten den lotura batek, egunen batean, 50 urte beteko ditu, agian. Tradizioz betetako 50 urte; belaunaldiz belaunaldi eskutik helduta, 50 urte. 1974ko ekainean hartu zuen Carlos Marin eta Modes Arraztio bikoteak Groseko Ricardo taberna. Duela, zehazki, 50 urte. Garai hartako Donostiako zezen plaza botatzen ari zirenean —egungo Txofre plaza— erabaki zuen bikoteak taberna erostea, eta, geroztik, auzoko ezagunenetariko bat da. Umetatik ibili da tabernan gora eta behera gurasoei laguntzen Iñigo Marin bikotearen semea eta egungo jabea, 1997an beren legatua hartu zuen arte. Familia negozioa aurrera ateratzea erabaki zuen, ama ere tartean zebilela, aita jubilatu zenean.
Betidanik egon da taberna Realari oso lotuta, eta partida dagoen egunetan, Groseko epizentro bihurtzen da. Auzoko eta inguruetako jendeak, baita turistek ere, ez dute bertako pintxo eta anoak disfrutatzeko aukerarik galtzen txuri-urdinak zelaira atera behar diren egunetan.
“Nire aitari ardo zuri bat eskatzen ziotenean, “normala” edo “berezia” nahi zuten galdetzen zuen; gaur egun, ardo zuri mota pila bat daude!”
Iñigo Marin, Ricardo tabernako jabea
Taberna tradizional bat da Ricardo; duela 50 urte dagoen bezalaxe dago orain. Marinek azaldu duenez, auzoaren eta auzoko jendearen esentzia biltzen du, oraindik ere. “Antzinako taberna bat” da berea, barran egoteko taberna bat, eta egun gero eta gehiago galtzen ari da kontzeptu hori, bere ustez. Erabiltzen dituzten produktuak tokikoak dira gehienak, nahiz eta oso zaila den den-dena inguruko hornitzaileengandik lortzea: “Gurasoek erakutsi zidaten taberna baten arrakasta kalitate-prezio harremanak dakarrela”. Frijituak dira Ricardoko berezitasuna, eta Marinek azaldu duenez, eurek berek egiten dituzte, tabernan bertan.
Bizitzak aurrera egiten duen bezalaxe egin du aurrera tabernak, eta barrutik berdin-berdina den arren, modak asko aldatu dira: “Nire aitari ardo zuri bat eskatzen ziotenean, “normala” edo “berezia” nahi zuten galdetzen zuen; gaur egun, ardo zuri mota pila bat daude!”, azaldu du Marinek. “Txakolina eta sagardoa kopan zerbitzatzen dira orain, leku askotan…”, gehitu du, barrez. Modekin batera, bezeroek ere eboluzio handia izan dute azken 50 urteotan; gazteak ere hurbiltzen dira Ricardo tabernara, eta adin guztietako bezeroak dauzka tabernak, egunero.
Urteurren festa
Bihar, hilaren 4an, ospatuko dute tabernaren urteurren handia. Angel Magoa izango dute 19:00etan, eta Elektrotxufla elektrotxarangak girotuko ditu taberna inguruak 20:00tatik aurrera. Haur, gazte zein helduentzako festa bat antolatu nahi izan dute, taberna bere ibilbide luzearengatik zoriontzeko. Marin eguna iristeko irrikan dago: “Lasai daramat antolakuntza, eta gogotsu nago”. Asteazkenetik aurrera (hilak 5), taberna itxita egongo da, oporrengatik, hamabost egunez.
“Ez dago belaunaldi aldaketarik ostalaritzan. 20-30 urte bitarteko gazteek ez dute asteburuetan lanik egin nahi, eta ulertzen dut. Nik, 56 urterekin, beste modu batera ikusten dut”
Iñigo Marin, Ricardo tabernako jabea
Oporretatik bueltan, Ricardo tabernak orain arte bezain ondo funtzionatzen jarraituko du, baina Marinek ez dio etorkizun handirik ikusten negozioari: “Ez dago belaunaldi aldaketarik ostalaritzan. 20-30 urte bitarteko gazteek ez dute asteburuetan lanik egin nahi, eta ulertzen dut. Nik, 56 urterekin, beste modu batera ikusten dut”. Ostalaritzak momentu “zail” bat bizi duela aitortu du ostalariak, eta hori arazo bat dela uste du. Donostiako egoera salatu nahi izan du, Parte Zaharrean ere, halaxe gertatzen ari delako. Esan duenez, oso lan esklaboa da berea: “Beste guztiek disfrutatzen dutenean egiten dugu lan ostalariok”.