Ukrainako Lviv hiria bisitatu du alkateak
Eneko Goia alkateak Poloniako Lublin hirian izan den Europako Kontseiluak sortutako Europa Sariaren Hirien Batzarrean parte hartu du, eta Ukrainako Lviv hiria bisitatu du asteburuan, udalak azaldu duenez, “Errusiak inbaditutako herrialdeari babesa eta elkartasuna” adierazteko.
Donostiako alkateak ez ezik, Europako beste 70 bat hiritako ordezkariek bisitatu dute hiri ukrainarra: “Bidaiaren helburua izan da 2022ko otsailaren 24ko inbasioaren ondoren herrialdeak Errusiaren aurka egiten duen borrokari hirien sare honen babesa zuzenean helaraztea. Lviv hiriko alkateordearekin elkartu dira ordezkaritzako kideak eta, ondoren, Gudako Zaurituen Erreabilitazio Zentru Nazionala bisitatu dute (Unbroken). Azkenik, gerran hildako soldaduen hilerrira bisita egin dute”, azaldu du udalak, prentsa ohar baten bidez.
Goiak babes argia adierazi dio Volodimir Zelenskik gobernatutako herrialdeari: “Demokraziaren, askatasunaren eta Zuzenbide Estatuaren nagusitasunaren balioak sustatzen eta defendatzen ditugu. Hori erabat bateraezina da Errusiak aldarrikatzen duen ereduarekin. Horregatik, Donostiatik, Europako hiri garen aldetik, ukrainar herriarekin eta subiranotasun osoaren eta lurralde osotasunaren aldeko borrokarekin dugu gure jarrera”.