Beste hamar eguneko greba abiatu dute Karmelo ikastetxeko langileek
Scientia Karmelo ikastetxeko 42 langileek hamazazpigarren greba eguna egin dute gaur (hilak 4), eta hamar eguneko greba abiatu dute, ELA sindikatuak jakinarazi duenez: “Grebaren jarraipenak erabatekoa izaten jarraitzen du eta gehiegizko gutxieneko zerbitzupean, horretarako aukera izan duten langileen %100ak egin du greba”. Asteazkenean, Scientia School enpresak Bilbon duen ikastetxean elkarretaratuko dira, eta ostegun arratsaldean manifestazioa egingo dute Donostian, Karmelotik abiatuta.
Duela hilabete inguru hasi ziren langileak euren lanpostuen eta lan baldintzen alde mobilizatzen eta horretan jarraitzen dute; gaurkoan, “Scientia School enpresaren gardentasun falta” salatu dute, ikastetxearen kanpoaldean egin duten elkarretaratzean: “Izan ere, orain hilabete batzuk ikastetxea itxiko zutela adierazi zitzaienetik, Karmelo ikastetxeko langileek ez dute enpresaren partetik beste inolako jakinarazpen irmorik jaso. Azaldu dute langileen ordezkariek hainbat informazio eta dokumentazio eskatu dizkiotela enpresari eta kritikatu dute eskaera horien aurrean enpresa izaten ari den jarrera. Izan ere, momentuz, enpresaren egoeraren inguruko informazio oso bakan eta urria jaso dute langileen ordezkariek”, azaldu du sindikatuak.
Bestalde, “Hezkuntza Sailaren, Donostiako Udalaren edo Kristau Eskolaren erantzukizuna eta esku hartzea” ere eskatu dute langileek. “Gogoratu behar da itundutako hezkuntzaz ari garela, hein handi batean funts publikoen bidez finantzatutako jarduera batez. Zentzu horretan, langileek jakinarazi dute Hezkuntza Sailarekin eta Kristau Eskolarekin bildu direla. Hala ere, azpimarratu dute horien partetik ez zaiela egoeraren konponbiderako neurri edo biderik proposatu”, gaineratu du ELAk.