Bederatzi kontzertu izango ditu Musikagela Fest jaialdiak
Bosgarren Musikagela Fest jaialdia egingo dute Saguesko Tomas Alba plazan hilaren 22an, egun osoko egitarauarekin. Guztira, bederatzi kontzertu izango dira jaialdian: tokiko zortzi taldek eta Asturiasko Drugos talde gonbidatuak joko dute.
Hain zuzen ere, Los Veletas, Sasha Smith, Suite Seda eta Luke Armstrong arituko dira 12:00etatik 14:00etara eta Oep, Badmintones, Gardena, La Ola Maldita eta Drugos 18:30etik 23:00etara. Jaialdiak bat egiten du hilaren 21ean ospatuko den Musikaren Europako Eguneko ekitaldiekin; eguraldi txarra egingo balu, Intxaurrondo Kultur Etxera lekualdatuko lukete jaialdia.
Jaialdia Dkluba kontzertu zirkuituaren barruan antolatzen da eta Musikagela osatzen duten edo zerbitzuan parte hartu duten musika proiektuak babesteko eta ikusarazteko helburua du. Donostia Kulturak 2004tik eskaintzen duen udal zerbitzuak Egian eta Intxaurrondon entsegu lokalak kudeatu eta kontzertu zikloak, ikastaroak, tailerrak, eskola magistralak, mailegu materiala, aholkularitza eta ekimenak antolatzen ditu hiriko musika jarduera bultzatzen eta dinamizatzen laguntzeko.
2018an antolatu zuten estreinakoz Musikagela Fest jaialdia, Loiolako Erriberako Oroimaren Lorategian. Hurrengo urtean, Amarako Easo plazan egin zuten, eta 2020an eta 2021ean, pandemiaren ondorioz, bertan behera utzi zuten. 2022an, eguraldi txarraren eraginez, Intxaurrondo Kultur Etxean egin zuten jaialdia, eta iaz Saguesen egin zuten. “Iaz bezala, Gros auzoko zabalgune ezagunenera itzuliko da jaialdia eta udari ongietorria musika onarekin eman nahi zaio”, nabarmendu du Donostia Kulturak.