Gabonetako azokan postu bat eskatzeko epea ireki du Donostia Sustapenak

Uda atarian gauden arren, Donostiako Udalak martxan jarri ditu Gaboneko kanpainaren prestaketa lanak. Donostia Sustapenak jakinarazi duenez, dagoeneko irekita dago Donostiako Gabonetako merkatuan postu bat eskatzeko epea. Interesa duen saltoki eta negozio orok Donostiagabonetakoazoka.eus webgunearen bidez bidali ahal izango dute eskabidea, gaurtik uztailaren 22ra bitarte. Gabonetako etxolak eta food truckak Frantziako pasealekuan eta Ramon Labayen plazan banatuko dira datozen Gabonetan.
Ane Oyarbide Ekonomia eta Enplegu zinegotziak egin du iragarpena, eta nabarmendu du merkatu horrek “bere estilo eta nortasunarekin, donostiar eta turista asko erakartzen dituela Gabonetako ohiko erosketak egiteko”. Baieztapen hori argitzeko, gogorarazi du iaz 462.458 pertsonak bisitatu zutela merkatua. “Funtsezkoa da Donostiako Gabonetako kanpainan”, berretsi du Oyarbidek, eta gogorarazi du, gainera, erreferentziazko hitzordu bihurtu dela Espainiako Estatuko iparraldean.