Gazako hamabi haur hartuko dituzte Donostia eta Gurutzeta ospitaleek

Donostiako eta Gurutzetako ospitaleetan minbizia duten edo Israelen erasoen ondorioz traumatismo larriak dituzten Gazako hamabi haur hartuko dituzte. Espainiako Estatura 29 adingabe iritsiko dira Gazatik, eta hain zuzen ere, horietatik hamabi etorriko dira Euskal Herrira. Tratamendu medikoen kostua Osasun Ministerioak ordainduko du.
Espainiako Gobernuak jakinarazi duenez, Espainia arduratuko da 1 eta 18 urte bitarteko haur talde hori hartzeaz eta tratamendu medikoa emateaz, Munduko Osasun Erakundeak egindako eskakizunari erantzunez. Haurrek hainbat patologia dituzte, batez ere onkologikoak eta traumatismo larriak. Hona etortzeko bidaia datozen asteetan egin ahal izatea espero da.
Adingabe guztiei gutxienez senide edo heldu arduradun batek lagunduko die, eta Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak bere gain hartuko ditu senideen eta pazienteen ostatuaren eta mantenuaren kostuak.