La Cumbreko lorategiak donostiarrei zabaltzearen inguruko bilera egingo dute ostiralean
La Cumbreko lorategiak herritarrei zabaltzearen inguruko bilera egingo dute ostiralean Aiete Kultur Etxean, 18:00etan. Lantxabe auzo elkarteak antolatu du bilera, eta herritarrak eta gaiaren inguruko interesa duten talde edo erakundeak gonbidatu dituzte.
Lantxabek ohar baten bidez gogorarazi duenez, 2022ko ekainean, Espainiako Gobernua eta EH Bildu akordio batera iritsi ziren Memoria Demokratikoaren Lege proiektuaren inguruan. Bertan, La Cumbreren jauregia eta bere lurrak Donostiako Udalari lagatzea jasotzen zen. Lortutako akordioak Ezkabako gotorlekua Nafarroako Gobernuari lagatzea ere jasotzen zuen.
Hiribilduak eta lorategiak ahalik eta babes maila handiena dute, Artzain Onaren katedralak, udaletxeak, Katxola baserriak, Miramar jauregiak eta parkeak, Nautikoak edo Haizearen Orraziak duten babes maila bera, Donostian eraikitako Hirigintza Ondarea Babesteko Plan Berezian jasotakoak. “Hiribildu inguruko lorategiek 17.600 metro karratu dituzte; finkak hainbat eraikin ditu: sotoa duen etxe nagusia, bi solairu eta ganbara, ondoko pabiloi bat sotoarekin, beheko solairua eta teilatua, lorezainarentzako etxe bat ukuiluarekin eta kotxetegiarekin… baita igerilekua, bi iturri natural eta lorategiak ere”, zehaztu du Lantxabek.
Gaur egun, gobernuaren Gipuzkoako ordezkariordeak erabiltzen du, eta auzo elkartearen eta hiritar askoren asmoa da espazio hori berreskuratzea, lorategia bereziki. Udaleko talde politikoen artean zenbait zalantza eta eztabaida izan ondoren, joan den uztailean udalak formalki eskatu zuen La Cumbre lagatzea. “Eneko Goia alkateak honako mezu hau bidali zion Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkariari: ‘Honek balio dezala Espainiako Gobernuari ofizialki eskatzeko bete dezala La Cumbre Bileraren Jauregia Donostiari lagatzeko erabakia. Administrazio horrek, lagapen hori gerta dadin, udal honi eman beharreko pausoen berri emateko eskatuko genuke”, azaldu du auzo elkarteak, eta ordezkariak honakoa erantzun zuen, auzo elkartearen arabera: “Egiten didan eskaera Memoria Demokratikoaren Estatu Idazkaritzari helarazten diot, hitzarmena egiteko oporraldiaren ondoren”.
Ordea, momentuz Espainiako Gobernuarena izaten jarraitzen du La Cumbrek, eta arazoa konpontzera bultzatzeko eta La Cumbre Bilerako lorategiak ahalik eta lasterren ireki ahal izateko antolatu dute ostiraleko bilera.