Zinemaldiko artxibo historikoa ikertuko du Harri X. Fernandez donostiarrak
Bigarrenez, Jose Angel Herrero-Velarde ikerketa beka eman du Donostiako Zinemaldiak, eta hiru ikertzailek eskuratu dute: Harri X. Fernandez kazetari donostiarrak, Carlos F. Heredero historialari eta zinema kritikari madrildarrak eta Sonia Garcia Lopez irakasle valentziarrak.
Animaziozko zinemak Zinemaldiaren historian izan duen presentzia ikertuko du Fernandezek, Zinemaldiak 1960ko hamarkadan Espainiako Zinema Berriarekin izan zuen harremana Herederok eta hamarkada berean egindako Zinema Eskolen Nazioarteko Jardunaldiak aztertuko ditu Garciak. Hautaketa batzordeak proposamenak “pluralak eta gaiaren eta metodologiaren aldetik egokiak” direla iritzita eman ditu bekak “Maila teorikoan zinema jaialdien ikerketan eta estatuko eta nazioarteko zinematografiaren ezagutzan ekarpena egiten dute eta Zinemaldiaren artxiboko baliabideak iturri nagusitzat erabili dituzte”.
Hiruek Tabakaleran kokatutako artxiboan sartzeko baimena izango dute, eta lanerako zein kontsultak egiteko espazioa izango dute, Euskadiko Filmategian. Halaber, 3.500 euroko diru laguntza emango diete, egin beharreko joan-etorriak eta ostatuak ordainduta edukiko dituzte eta egonaldiko egunetako dietak jasoko dituzte.
Lehenengo urtekoak
Iaz eman zuten estreinakoz ikerketa beka hori, eta, hain zuzen ere, hilaren 22an, Tabakaleran, iazko azterlanak aurkeztuko dituzte, 17:00etan. Irati Crespo artxiboko koordinatzailearen gidaritzapean, Felipe Cabrerizok, Neus Sabatesek eta Endika Reyk euren ikerketaren nondik norakoak eta emaitzak azalduko dituzte. Ondoren, 19:00etan, Cabrerizok Sergei Eisensteinen Bronenosets Potyomkin (1925) filma aurkeztuko du, eta proiektatu egingo dute jarraian. Goizean, aldiz, artxiboko instalazioak estreinakoz irekiko dituzte publiko orokorrarentzat.