Auzoaren historia proiektatzeko erakusketa
Añorgak zinemarekin lotura estua izan duela jakina da auzotarren artean. Orain, baina, urte luzetako harreman hori auzokideen testigantzen, proiektoreen eta afixen bitartez islatu dute 'Hollywood Añorgara iritsi zenean' erakusketa laburrean.
Zinema aretoen historia erabiltzaile bakoitzaren istorioek osatzen dutela esan ohi da. Aretoen lau pareten artean gelditzen direla barre algarak, negarrak eta beldurrak. Gure historiako urterik grisenetan, itxaropenerako leiho koloretsu izan zen zinema, eta emanaldiek ordu batzuetarako ihesaldia bermatzen zuten, lau pareta artean bazen ere.
Bada, Añorgako aretoen lau paretek istorio luzeak kontatzeke dituztela jakinda, Hollywood Añorgara iritsi zenean erakusketa laburra jarri dute Museum Cemento Rezolan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Gorga (Añorgako Historia Mintegia) eta Artium museoaren laguntzaz. «Urtero, artxiboari balioa emateko eta bertako ondarea berreskuratzeko proiektuaren barruan, auzoko historiaren parte izan diren esparruei ikusgarritasuna ematen saiatzen gara», azaldu dute museoko langileek. Iaz, Añorga Escolar aldizkariei eman zieten tartea; aurten, berriz, zinemak izango du protagonismoa, urte amaierara arte.
Hiru proiektore, hiru gune
Erakusketari eskaini dioten museoko tartea belaunaldi askotariko filmen afixek eta auzokideen testigantzek betetzen dute, baina auzoko hiru espazioetan erabilitako hiru proiektoreek bereganatzen dute bisitariaren begirada: «Museoan bertan eta Gorgak duen lokalean gorde izan ditugu urte hauetan guztietan», adierazi du Ketxu Marañon bizilagunak (Añorga, 1953).
Proiektoreek dituzten urteek argi uzten dute auzoaren eta zinemaren arteko harremana aspalditik datorrela. Lehen proiekzioak Añorga kirol taldearen lokal zaharrean egin zituzten —egungo Jolas Etxearen eremu berean—, 1924an, 9,5 mm-ko zinema mutuko pelikuletarako biradera bidezko aparatuarekin. Pathe Baby markakoa zen eta 1.600 pezetako kostua izan zuen. «Aparatua Jorge Ganuza eta Joxe Zabalak eskuz eragiten zuten. Eta garrantzitsuena, doakoa zen [proiekzioa]», nabarmendu zuen Añorga Escolar urtekariak 1972ko alean.
Urte gutxian, auzokideen aisialdirako eremuak gotik beherako zaharberritzea izan zuen, eta 1931an sortu zuten egun mantentzen den Jolas Etxea. Gune berriak kalitatezko aisia eskaintzen zuen auzoan, eta eremu berriarekin, tresna berriak sartzeko espazioa lortu zuten: 1942an iritsi zen soinudun zinema, Zeiss Ikon proiektorearekin. Soldado profesional filma izan zen proiektatzen lehena, eta urte batzuk geroago, 1952an, Bell and Howell proiektore mugikorra erosi zuten 16 mm-ko pelikuletarako.
Aldaketarik handiena, ordea, Salon Añorga gisa ezagutzen zen zinema aretoaren irekiera izan zen: «Rezolak dirutza irabazi zuen eta horren zati bat zinema areto on bat egiteko erabili zuen, egurrezko besaulkiekin, tapizatuta eta guzti. Ez zegoen halakorik inguruan», dio Marañonek
Arrakasta, Añorgatik harago
Zinemarekiko zaletasuna lehen urteetan errotu bazen ere, 300 lagunentzako aretoak 1970eko hamarkadan lortu zuen arrakastarik handiena: «Lasartetik, Hernanitik eta Antiguatik jendetza etortzen zen Añorgako aretora», dio Marañonek.
Garai haietako gorakadarekin, sarreren prezioak aldatu zituzten, eta zinema sustraituta zegoenez, familia ugarik urte osoko bonuak erosi zituzten lehentasunezko besaulkietan: «Guk ere gure leku finkoa genuen; hamabigarren errenkadako, 2, 4, 6 eta 8 besaulkiak, Marañon familiaren izenean», azaldu du bizilagunak.
Emanaldiak ostegun, larunbat eta igandeetan egiten ziren, «baina orduko emanaldiek ez zuten zerikusirik egungoekin», zehaztu du Marañonek. Añorgako bizilagunak gogoan du «proiekzioa hasi baino lehenago hamabost minutuko No-doa ikustea» derrigorrezkoa zela, eta emanaldiek etenaldiak zituztela: «Descanso jartzen zuten lauki batean eta kalera irteten ginen, norbait izaten zelako litxarreriak saltzen».
Oroitzen du halaber, «hiru zintek» osatu zezaketela film bakarra eta, bata kendu eta bestea jarri bitartean ere «itxaron beharra» zegoela: «Garai haietan ere zentsura genuen, eta musu emateko gerturatzen ziren bakoitzean salto egiten zuen filmak», azaldu du bizilagunak, barre artean.
1970eko hamarkadako urteak gozoak izan baziren ere, hamar urte beranduago iritsi zen zinemaren gainbehera: «Jendea gero eta gehiago ateratzen zen auzotik, lana zela edo afizioak zirela». Nolanahi ere, bizilagunak argi du «telebistaren etorrera» izan zela aretoaren itxieraren erantzule nagusia.
«Rezolak dirutza irabazi zuen eta zati bat zinema areto on bat egiteko erabili zuen. Ez zegoen halakorik inguruan»
Ketxu Marañon, Añorgako bizilaguna
Proiekzioak 1987an etenda, aretoak itxura berdintsuarekin jarraitu zuen urte batzuetan, bestelako jarduerek gunearen zaharberritzea eragin zuten arte: «Zinema eta antzerki aretoa zen, baina guk dantza entseguetarako ere erabiltzen genuen. Tarte nahikorik ez genuenez, pixkanaka, lehen bi errenkadak kendu genituen, ondoren beste bi, eta azkenean dena aldatzea erabaki genuen».
Atzera begiratuta, Añorgak betidanik izan duen eskaintza handian jarri du azpimarra Marañonek. Azaldu duenez, auzoa ezin da Cemento Rezola fabrikarik gabe ulertu, ez lana, ezta kultur eta kirol jarduerak ere: «Fabrikak ez zuen Añorgako kluba sortu, baina lotura estua du, klubean sortutako jarduera ugari, Rezolaren bultzadari esker izan direlako. Hori eskertu beharra dago».