Desiraren sakonera arriskutsuarena

L’ÉTÉ DERNIER
Zuzendaria: Catherine Breillat.
Urtea: 2023.
Herrialdea: Frantzia.
Emakumeen sexualitatea modu fisiko eta esplizituan lantzea, gorputze(t)an eta horiek filmatzeko moduan duen interesa, eta bere proposamen narratiboen ikuspegi probokatzailea izan dira, bere opera prima-z geroztik, Catherine Breillat zinemagile frantsesaren obraren ezaugarri nagusiak. Eta horretan iraun.
Aurretik sinatu dituen beste lan batzuetan —Une vraie jeune fille (1999), Anatomie de l’enfer (2004), Abus de faiblesse (2013)— nagusi zen asaldura, konfrontazio eta hunkidura faktoreen arrastorik gabe, desiraren mugak arakatu ditu Breillatek oraingoan. Epairik gabe, ikuspegi dotore batetik harilkaturiko film ederra aurkeztu du, bisualki erakargarria, formalki soila eta, ohikoa duen gisara, deserosoa.
Anne protagonista adin ertaineko abokatu bikaina da, adinez nagusiagoa den Pierre senarrarekin eta alabekin bizi dena. Era berean, harreman ona du senarrak aurreko ezkontza batean izandako semearekin. Lotura hori, ordea, behar baino gehiago estutzen joango da, bere oreka emozionala eta familia batasuna arriskuan jarri arte.
Existentzia aspergarriak eta azalekoak bizitzera behartutako protagonista burges horien jarrera hotzaren mendekoa den kontakizun urrun, baina aldi berean erne eta itogarriaren bidez, muga moralak eta konbentzio narratiboak auzitan jarriko ditu zuzendariak, ikuslea desiraren putzu abisalean murgilduz eta onargarria denaren hegira eramanaz. Eta horretan datza, finean, ikuslearen papera: bere burua zabaldu eta eramaten uztean. Emakumearen desioa taburik gabe aletzen joan eta emozio horiek ulertzean.
Soilik orduan ulertuko baitugu Breillatek sortu dituen irudiek gure gogamenean eragindako burrunba, horiek desagertu direnetik denbora asko igaro ondoren ere.