Emakumeek baserria defendatu zutenekoa
1958an, emakume baserritarrek Erdialdea hartu zuten, esnea saltzea galarazi zitzaiela salatu, eta baserritarren eskubideak aldarrikatzeko. Administrazioak esnearen esklusibotasuna Gurelesa enpresari eman zion, eta baserritarrek Bretxan saltzeari utzi behar izan zioten.
Atzera luze edo motz begiratuta, ukaezina da lehen sektoreak etengabe egin duela protesta. Baserria estu bizi da, eta lauso ikusten du etorkizuna. Baina, geroa ez ezik, malkartsua izan du iragana ere. Horren adierazle dira, besteak beste, 1958an Donostian izandako mobilizazio mordoa.
Urte luzez, gurdian edo euren kabuz antolatutako autobus lineatan, Igeldo, Usurbil, Ibaeta, Urnieta, Astigarraga eta beste hainbat eremuetako baserritarrek menditik Donostiako Erdialderako bidea egiten zuten egunero, barazkiak, frutak, eta, batik bat, esnea saltzeko. Marmita handiekin Bretxako eta San Martineko azoketako postuetan kokatzen ziren, eta etxez etxeko ibilbideak ere egiten zituzten, sukalderaino gerturatuta: «Oso ondo gogoratzen dut Mariak nola ateratzen zuen marmitatik esnearen neurria. Esne hori etxean egosi behar zen eta, esajeratu gabe diot, bi behatzeko gaina ateratzen zela. Oso goxoa zen eta pastak egiteko erabiltzen zen», gogoratzen du Arantxa Garaialdek, Ahotsak atariak egindako grabazio batean.
Baserritarrek etxeko ekonomia bultzatzeko sosak jasotzen zituzten ordainetan, eta, trukean, gainera, hiriko etxebizitzetako soberakinak biltzen zituzten: «Pentsatzen dut ogia sobran bazegoen, ahateentzako edo oiloentzako emango zitzaizkiola», dio Parte Zaharreko bizilagunak.
Denbora luzeko jarduera hori egun batetik bestera aldatu zen 1958an, Gurelesa esne zentralaren fabrika berriarekin. Josu Tellabide etnologoak gogoratzen duenez, fabrika «Suchard txokolate lantegiaren» lurretan eraikitzen hasi arren, Igarako industriagunera lekualdatu zuten. Irekierarekin bat, Gurelesari esklusibotasuna ematea erabaki zuen orduko gobernadoreak.
Emakumeen borroka
Debekua indarrean sartu orduko, kontrolak areagotu zituzten baserriko emakume guztien joan-etorrietan. «Esnearena emakumeen kontua zelako», argitu du Karmenek —ez du abizena eman—. Esnea pasteurizatua edan behar zelaren aitzakiapean, baserritarrei beraiena saltzea debekatu zitzaien: «Gurelesakoek baserri guztiak bisitatu zituzten esnea biltzeko, baina prezioaren erdian baino ez ziguten erosten», gogoan du usurbildarrak.
Egoera horren aurrean, 1958ko irailean, baserritarrek bi eguneko grebara deitzea erabaki zuten. Milaka emakumek, seme-alaben haur kotxeekin, hartu zuten Erdialdea: «Kaleak eta Viktoria Eugeniako lorategiak bete zituzten, egoitza nazional sindikalistara bidean», jaso zuen Buenos Airesen argitaratutako Tierra Vasca hilabetekariak, 1958ko urriko alean.Egoeraz jabetuta, hiriko emakume askok ere baserritarren eskubideak babestu nahi izan zituzten: «Gure ama manifestazioaren oso alde zegoen, eta etxean bertan pankartak egin zituzten berak eta bere lagun batek», du gogoan Garaialdek.
Protestak handitzen joan ziren egunetik egunera, eta egun batean ehunka baziren, milaka izatera pasatu ziren hurrengo egunetan: «Gobernadoreak ekarritako errefortzuek eta hiri osoan zehar dabiltzan jeep-ek animoak pizten dituzte, eta Donostiako herria berriro mobilizatzen hasi da. Matxinadaren arrastoak ditu manifestazioak». 1958ko Iberica por la libertad hedabidearen arabera, «15.000 lagun» batu ziren protestara bigarren egunean.
Bi eguneko mobilizazioetan herritarren aurkakotasuna irmoa zela ikusita, salmenta lehengo moduan uztea erabaki zuen orduko administrazioak. Baserritarrek lehen bataila irabazi zuten, baina ez borroka osoa. Hilabete beranduago, gobernariak asmo berdinekin jarraitzen zuela ikusita, baserritarrak grebara joan behar izan zuten bigarrenez, eta Donostia astebetez geratu zen barazkirik, frutarik, arrautzarik eta esnerik gabe.
Emakumeek berriz ere hartu zituzten kaleak, eta jendetza izan zuten alboan, beste behin. Istilu larriak eragin zituzten aste horretan, baina Frankismo garaiko mobilizazioak izanik, orduko gobernadoreak protestak isilarazi eta debekua mantendu zuen. Handik aurrera, baserritar askok etxez etxeko zerbitzua egiten jarraitu zuten, isilpean, eta beste batzuek trikimailuak topatu zituzten saltzen jarraitzeko: «Guk ardi esnea ere saltzen genuenez, horrekin tapatzen genuen», dio Karmenek. Erosle askok, bestalde, fabrikako esne pasteurizatuari uko egin zioten denbora batez, baina ez zuen luze iraun, eta urte gutxian normalizatu zen donostiarren artean.
Garaialdek dio baserriko esnearekin egindako «pastak» ez direla berdinak izan gerora, eta Karmenek berriz, Gurelesa izan dela «hemengo baserriak galtzearen» erantzule nagusia: «Esnerik gabe ezin zuten lau porru eta zazpi azenarioen salmentekin biziraun». Nola edo hala, orduko jarduera eta bizimodua debekuarekin batera joan zen, eta oroitzapenetan baino ez da gelditzen, egun. Oraindik, baina, hiriko etxe askotan gogoan dute protestetan oihukatzen zen «Gurelesa, agua de mesa» aldarria.