GKSk manifestazioa egin du Palestinari elkartasuna adierazteko
Kanpaldiaren harira, ehunka lagunek Palestinaren aldeko aldarriak zabaldu zituzten Erdialdian. Gaur dute kanpaldiaren azken eguna, eta arratsaldeko zazpietarako deituta duten manifestazioarekin amaituko dute bi eguneko ekintza.
Ehunka lagun mobilizatu ziren atzo, arratsaldeko zazpietan deitutako mobilizazioan, genozidio sionista salatu eta sarraskiaren konplize diren enpresa eta erakundeak seinalatzeko. Palestina askatu. Israel genozida! Europar Batasuna eta NATO konplize lelopean,. “Ezin da genozidioa ulertu NATOk eta Europar Batasunak horretan duten rola aintzat hartu gabe”, adierazi zuten beste behin, atzoko manifestazioa amaitzean.
Eguerdiko agerraldian iragarri moduan, mobilizazioa egin zuten atzo iluntzean, kanpaldiari lotuta. Koordinakundeko gazteek kanpin denden eremua uzi zuten tarte batez, aldarriak Erdialdeko kaleetan zehar zabaltzeko. Artzain Onaren atzealdetik abiatu zen mobilizazioa, eta Trinitate Plazaraino iritsi ziren. Ibilbide horretan, hainbat geldialdi egin zituzten, Israelgo estatuaren konplize diren enpresa eta erakundeak seinalatzeko. PSOE-EEren egoitza aurrean geratu ziren manifestariak, Espainiako Gobernua sarraskiaren konplize gisa salatzeko. Adierazi dutenez, Sanchezen gobernuak jarrera “hipokrita” du egun, eta Palestinako aitortzak “asko du elektoralismotik”.
Espainiako Estatuko ordezkarien jarreraz gain, hainbat enpresa seinalatu nahi izan zuten, sionistekin “negozioak egiteagatik”. Ohartarazi zutenez, gurean ere enpresa handiek “Israelekin harreman ekonomiko indartsuak” dituzte, eta parte hartzen jarraitzen dute “armagintzako proiektuetan”. Besteak beste, CAF eta Kutxabank enpresak markatu zituzten.